Gizartea -

Berrikuntza

Barik sakelako telefonoaren bidez kargatu ahal da jada

Aplikazio berria aktibatu dute Google PlayStore sareko dendan, eta txartelak kargatzeko milaka toki zehaztuta daude bertan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barik garraio txartela sakelako telefono adimentsuen bidez kargatu ahal izango da gaurtik, otsailaren 29tik. Bizkaiko Garraio Partzuergoak aplikazio berria aktibatuko du Google PlayStore sareko dendan, eta txartelak kargatzeko milaka toki zehaztuta izango dira bertan.

ctb.eus estekan sartuta ere eskuratu ahal izango da aplikazioa, eta, horri esker, erabiltzaileak edozein Barik kargatu ahal izango du, nahi beste aldiz, edozein tokitik eta eguneko edozein ordutan. Bizkaiko Garraio Partzuergoak jakinarazi duenez, 740 erabiltzailek arrakastaz probatu dute sei hilabetez (2015eko uztailaren erditik aurrera) aplikazio esperimentala, proba pilotua egin zenean, eta erabiltzaile horiek proposatutako hobekuntza batzuk sartu dituzte.

App berria azkarragoa izango da, sakelako telefonoen modelo gehiagotan erabili ahal izango da, bertsio elebiduna eskainiko du eta V.me by Visa bidez ordaintzeko aukera emango du. Bizkaiko Garraio Partzuergoak aurreikusi duenaren arabera, garraio txartelak online kargatuko dira; horretarako, NFC (Near Field Communication) teknologia aktiboa duen sakelako telefono adimentsua erabili beharko da, eta ordainketa segurua egiteko atebidearen bidez ordaindu beharko da. Beraz, erabiltzaileak edozein tokitatik handitu ahal izango du bere txartelaren saldoa, edo txartelean sar daitekeen garraio txartel bat erosi ahal izango du, txartela kargatzera saltoki fisiko batera joan beharrik ez izateko.

Manu Tejada Bizkaiko Garraio Partzuergoaren zuzendari nagusiak adierazi duenez, Partzuergoaren proposamen hau "urrats teknologiko garrantzitsua da Barik sisteman, eta garraio publikoaren erabilera bultzatu du".

Orain arte, Barik txartela ohiko tokietan kargatu ahal izan da (Metro Bilbao, Euskotren, Euskotran, Renfe -FEVE barne-, Larreinetako funikularra, Artxandako funikularra, Bilbobus eta Bizkaibuseko kabinak, tabako dendak, kioskoak, merkataritza lokalak eta BBK-ko kutxazain automatikoak), eta abendutik aurrera webgunean bertan (ctb.eus) ere egin daiteke.

Gaur egun, 1,3 milioi Barik txartel baino gehiago daude zirkulazioan, eta txartelak kargatzeko 800 puntu baino gehiago aurki daitezke Bizkaia osoan. Txartelak telefono adimentsuen bitartez kargatzeko proiektu honetan 96.000 euro inbertitu ditu Bizkaiko Garraio Partzuergoak. NFC teknologia duten Android gailuetarako aplikazio bat sortu da, eta horren bidez haririk gabeko komunikazioa eduki daiteke (irispen laburrekoa eta maiztasun handikoa) bi gailuren artean; txartelaren eta sakelako telefonoaren artean, kasu honetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bilbon? Metro Bilbao gertakaria Eguneko albisteak