Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Bi urte eta erdiko zigorra ezarri diote gizon bati tratu txarrengatik
Gizon bati bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote, emazte ohia eta semea fisikoki eta mentalki jotzeagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gizon bati bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote, emazte ohia eta semea fisikoki jotzeagatik eta mentalki kalteak egiteagatik Hondarribian (Gipuzkoa). Zenbaitetan, semea ere jo izan zuen.
Ebazpen judizialaren arabera, biktimak eta auzipetuak harreman sentimentalak izan zituzten 2002 eta 2012 bitartean, eta 2010ean ezkondu ziren. Harremanaren hasieratik, gizonak “psikikoki eta fisikoki kalteak egin zizkion bikotekideari, kolpe eta irainekin”. Emazteari janzkera eta giza-harremanak ere kontrolatzen zizkion. Idazkiari jarraiki, prozesatuak “tentsio-giroa sortu zuen indarkeria eta gutxiespenekin”.
Harremana 2012ko apirila eta 2013ko urtarrila artean bukatu zen. Inputatuak ez zuen haustura onartu, eta telefono zein mezularitza bidez mehatxatu zuen emakumea. 2013ko urtarrilaren 22an, emakumea babestea agindu zuen epaileak, baina gizonak ez zuen errespetatu. Telefonoz eta posta elektronikoz jazartzeaz gain, aparkalekuan eta hipermerkatuan ere jazarri zuen emazte ohia.
Bi urte eta erdiko kartzela-zigorra
Gertakari horien ondorioz, biktimak “beldurra eta herstura” zituen, eta hori jazarpenaren eta heriotza mehatxuen ondorio izan daitekeela ebatzi du epaileak. Jazoera horiek emakumezkoaren bizitza sozialari ere kalteak eragin zizkioten.
Prozesatuari bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote, eta auzolana egin beharko du 288 egunez. Gainera, gizonari urruntze-agindu bat ezarri diote eta ezingo du 20 urtez berarekin hitz egin.