Gizartea -
Iragarpena
Uholde arriskuaz ohartarazi du Jaurlaritzak
Bizkaia eta Gipuzkoa alerta laranjan izango dira larunbat honetan, euri-jasak direla eta.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarriko du larunbatean euri-jasa iraunkorrengatik, Larrialdiei Aurregiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ohar batean jakinarazi duenez.
Alerta egun guztian egongo da indarrean, 24 orduan metro koadroko 80 litro pila daitezkeela eta. Ekaitza eta txingorra egon litezke, batez ere egunaren lehen partean. Araban metro koadroko 40 litro pilatzea aurreikusi du Euskalmetek.
Hori dela eta, Segurtasun Sailak Uholdeen Larrialdi Plan Bereziaren alerta fasea deklaratuko du gauerdian.
Alerta laranja horrez gain, beste hiru abisu hori egongo dira: haizeagatik, elurrarengatik eta olatuengatik.
Elur-kota 600-800 metro inguruan egongo da. Gora egingo du arratsaldean, eta 700-1.000 metro inguruan egongo da azken orduetan. Kantauri isurialdeko zenbait lekutan, gogotik egin dezake. Trumoi-ekaitzak eta txingorra ere espero dira.
Haizeagatik ezarritako abisuari dagokionez, 100 km/h-ko boladak espero dira haizeguneetan eta 60-70 km/h-koak gainerako lekuetan.
Itsasoari dagokionez, 5 metroko olatuak espero dira, baina egunaren amaieran 3,5 metrokoak izatea aurreikusi dute.
Astebururako iragarpena
Negu gorriko eguraldiarekin joango zaigu otsaila. Denetik espero du astebururako Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak: euria, hotza, ipar-mendebaldeko haize gogorra eta elurra maila baxuan.
Ostiralean, okerrera egingo du aroak. Egunaren lehen partean, hegoaldeko haizea ibiliko da, eta hodeitza saretuta egongo da. Arratsaldeak aurrera egin ahala, zerua estalita geratuko da, eta ipar-mendebaldeko haizeak zakar joko du. Euria erruz egingo du, eta trumoi-ekaitzak eta txingorra espero dira gauean. Horrez gain, aire-masa hotz bat inguratuko da iluntzean; elur-maila 1.000 metro ingurura jaitsiko da.
Larunbatean, ez da giro izango. Gogotik egingo du euria, ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, eta hotz egingo du. Euskalmeten arabera, baliteke aterrune bat ere ez egotea. Halaber, trumoi-ekaitzak izan daitezke eta kazkabarra bota dezake. Tenperatura altuenak 5-10 ºC artean geratuko dira, eta elur-maila 600-800 metro inguruan egongo da. Haize-bolada gogorrak izango dira, eta horrek areagotu egingo du hotz sentsazioa. Itsaso zakarra egongo da, eta 5-6 metroko olatuak.
Igandean, zertxobait arinagoa izango da egoera, baina, hala ere, giro hotz eta goibelarekin jarraituko dugu. Tenperaturak ez du gorabehera handirik izango, eta elur-maila 700-900 metro inguruan egongo da. Zeruak estalita jarraituko du, baina prezipitazio gutxiago espero dira eta zaparradak larunbatean baino txikiagoak izango dira. Gainera, iparraldeko haizea nagusituko da, eta apur bat baretuko da barnealdean, baina kostaldean tarteka gogor joko du.