Gizartea -
Koldo Losadaren hilketa
Losadaren senarrak ez zuen amnesiarik izan, psikiatren arabera
Halaber, hilketaren egunean Jon Ezkurdia ez zegoela mozkortuta nabarmendu dute medikuek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jon Ezkurdiak, Koldo Losada aktorearen senarrak eta hura hiltzearen akusatuak, ez zuen amnesiarik izan hilketaren egunean, hura aztertu duten psikiatra forentseen arabera. Halaber, baztertu egin dute egun hartan mozkortuta zegoenik. Hilketa argitzeko epaiketako epailearen eskariz, psikiatra forentseek azterketa egin zioten Jon Ezkurdiari.
Koldo Losada aktorearen hilketa argitzeko Bizkaiko Auzitegian egiten ari diren epaiketan, lau psikiatraren txanda izan da gaur.
Psikiatra horietatik bik "guztiz" baztertu dute akusatuak hilketaren egunean memoria galera edo "black out" delakoa izan zuenik. Bestalde, beste bi psikiatrek adierazi dute posible dela egun horretan edan zuen alkoholaren eraginez hainbat memoria hutsune izatea.
Jon Ezkurdiak epaiketan azaldu zuenez, ez da gai hilketa egin zuen ala ez gogoratzeko. Halaber, ez da gogoratzen hilik agertu zen beren txakurrarekin zer gertatu zen ere eta ezta biktimaren txartelarekin dirua atera zuenik ere. Segurtasun kamerek, ordea, dirua ateratzen grabatu zuten.