Gizartea -

Autopsia

Lasaigarriak eta hipnotikoak antzeman dituzte Koldo Losadaren odolean

Adituek azaldu dutenez, ez zituen drogak "sarri" hartzen, baina ez dute "noizbehinkako kontsumoa" baztertzen.

Jon Ezkurdia, akusatua. Argazkia: EFE
Jon Ezkurdia, akusatua. Argazkia: EFE
Jon Ezkurdia, akusatua. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koldo Losada euskal aktorearen hilketa (2014ko azaroaren 19an hil zuten eta bere senarra da akusatu nagusia) aztertzen ari dira hainbat aditu eta epaiketan azaldu dutenaren arabera, lau lasaigarri eta hipnotiko mota aurkitu dituzte, baina alkohol etilikorik ez.

Akusatuari dagokionez, ez zituen drogak "sarri" hartzen, baina ez dute "noizbehinkako kontsumoa" baztertzen.

Bizkaiko Auzitegian epaiketaren laugarren jardunaldia egin dute gaur (herri epaimahaiarekin) Jon Ezkurdiaren aurka. Fiskalak 20 urteko kartzela-zigorra eskatu du euskal aktorea azpikeriaz hiltzeagatik, dirudienez, objektu "gogor eta sendo" batekin. Ertzaintzako ikerleen arabera, heriotza jazo zen egunean bertan, akusatuak 11 kiloko eskultura bat eman zion lagun bati (beste hainbat objekturen eta margolanen artean) eta hori izan daiteke heriotza eragin zuen objektua.

Adituek azaldu dute Koldo Losadaren gorputik atera zituzten odol, humore beirakara, plasma eta gernu laginak jaso eta aztertu dituztela. Alkohol etiliko, droga eta beste botiken arrastoak bilatu dituzte eta, jakinarazi dutenez, odolean eta gernuan "lasaigarriak" eta "hipnotikoak" aurkitu dituzte. Medikamentu horiek "lotarako arazoak" daudenean errezetatzen omen dituzte, azaldu dutenez, "loa eragiteko" erabiltzen baitira.

Ez dakite akusatuak edan zuen edo ez

Toxikologia Institutuko teknikoek azaldu dute Koldo Losadaren senarrak ez zuela drogak hartzen "sarri", baina ezin izan dute esan egun horretan alkohola edan zuen edo ez.

Herri epaimahaiak bi teknikoren iritzia entzun du bideokonferentzia bidez: akusatuaren pubiseko ilea eta listua aztertu osteko ondorioak azaldu dituzte. Hain zuzen ere, heroina, kokaina, anfetamina, cannabinoide eta metadona arrastoak bilatu dituzte. Akusatuak ez ditu droga horiek "sarri" hartzen, baina "noizbehinkakoa" egon daitekeela uste dute.

Hartutako laginak ez omen ziren nahikoa izan akusatuak egun horretan alkohola edan zuen edo ez jakiteko. Akusatuak hori azaldu zuen deklarazioan: goizeko lehen ordutik edaten izan zela eta pastilla lasaigarriak hartu zituela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea