Gizartea -

Koldo Losadaren hilketa

Losadaren senarrak hil zezala eskatu zion haren lagun bati

Bikotearen lagun batek azaldu duenez, Ertzaintzak atxilotu eta auto barruan zegoela esan omen zion. Bestalde, hainbat lekuko bat etorri dira Jon Ezkurdia jeloskorra zela esaterakoan.

Koldo Losadaren hilketa argitzeko epaiketa. Artxiboko irudia: EiTB
Koldo Losadaren hilketa argitzeko epaiketa. Artxiboko irudia: EiTB
Lagunek eta anai arrebek akusatua kontrolatzailea dela diote

1:36

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jon Ezkurdia Koldo Losadaren senarrak eta haren ustezko hiltzaileak hil zezala eskatu zion lagun bati, Losadaren gorpua agertu, atxilotua izan eta Ertzaintzaren auto barruan zegoela.

Koldo Losadaren hilketa argitzeko epaiketaren bigarren egunean, hamar lekukok deklaratu dute, tartean, Itziarrek, biktimaren eta akusatuaren lagun batek. Itziar eta biktimaren anai-arrebak bat etorri dira Jon oso jeloskorra zela eta bikotearen arteko harremana "arraroa" zela esaterakoan. "Ez zitzaidan harreman osasuntsua iruditzen eta Koldo zen kaltetua", azaldu du.

Bikotearen lagunak azaldu duenez, Koldoz kezkatuta, telefonoa hartzen ez zuela ikusita eta Jon Ezkurdia akusatuak zioen tokian ez zegoela baieztatu ondoren, Donostiatik bikoteak Bilbon zuen etxebizitzara joan zen 2014ko azaroaren 19 hartan.

Ataritik gertu osasun langileek Jon artatu zuten edanda zegoelako eta, anbulantziatik irtendakoan, ertzainek Ertzaintzaren auto batean sartu zuten. Orduan, bikotearen laguna akusatuaren alboan eseri zen eta zer egin ote zuen galdetu zion. "Mesedez, hil nazazu" eskatu zion akusatuak lagunari. Haren esanetan, Jonek ondotxo zekien Ertzaintzaren auto baten barruan zegoela eta baita zer gertatu zen ere. Are gehiago, arazorik gabe ezagutu zuela azpimarratu du.

Lekuko horren esanetan, akusatua oso harro zegoen edateari uztea lortu zuelako; izan ere, hainbat urtez alkoholarekin arazoak izan zituen. Gaineratu duenez, aspaldian ez zuen mozkortuta ikusi eta inoiz ez zuen memoria hutsunerik antzeman akusatuarengan. Akusatuan epailearen aurrean egindako deklarazioan esan zuen goizean goizetik edan zuela hilketa izan zen egunean, eta ez zuela ezer gogoratzen.

Bikotearen lagunaz gain, Koldoren bi anai-arrebak ere deklaratu dute gaur. Hirurak eta atzo deklaratu zuen Garbiñe Losada antzerki ekoizlea bat etorri dira hilketa gertatu baino egun batzuk lehenago akusatuak osasun arazo larriak zituela ziurtatu zuela, eta hilketaren egunean ustezko mediku proba batzuen emaitza jaso behar zuela. Akusatuak, ostera, informazio hori nondik atera zen ez zekiela adierazi zuen epailearen aurrean.

Bestalde, hainbat lekukoren testigantzaren arabera, gaixo sentitzen zela esan zien Koldok hil baino bi egun lehenago. "Edozein txokotan lo hartzen dut eta oso ahul nago", esan zion Donostiako lagunari. Dena den, ustez, egoera txarrean zegoen elikagai bat jan izanari egotzi zion. Akusazioaren arabera, akusatuak lasaigarriak eta hipnotikoak eman zizkion biktimari hilketaren egunean erdi lo eta defendatzeko aukerarik gabe egon ez zedin.

Bihar defentsaren lekukoen eta ertzainen txanda izango da.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak