Gizartea -
Eskola jantokiak
EHIGE: Jantoki zerbitzua ematen dutenak iruzurra egin duten berak dira
Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak araudian aldaketa egitea aldarrikatzen du 'monopolio' egoerarekin amaitzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak ziurtatu duenez, gaur egun eskola jantokiei zerbitzua ematen dieten enpresak lehengo berberak dira, horietako batzuk Lehiaren Euskal Agintaritzak zigortutakoak.
Lurdes Imaz EHIGEko bozeramaileak prentsaurrekoa eskaini du gaur Bilbon, eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eskoletan jantoki zerbitzua ematen duten zortzi enpresari Lehiaren Euskal Agintaritzak jarritako 18 milioi euroko isuna izan du hizpide.
Imazek araudian aldaketak egitea aldarrikatu du egungo "monopolio" egoerarekin amaitzeko eta ikastetxeek jantokien kudeaketa zuzena egiteko aukera izan dezaten.
EHIGEk azaldu duenez, aurrez ezarritako loteen egungo sistemak lehia eragozten du. Gipuzkoako eskola publiko guztiek, esaterako, Auzolagun izan behar dute hornitzaile.
Bestalde, kontrol gehiago ezartzeko eskatu die EHIGEk administrazioei isunak jantoki zerbitzuaren kalitatean eraginik izan ez dezan, eta isunaren zenbatekoa eskola jantokietan inbertitzeko eskatu du.
Isuna jaso duten enpresa horien aurkako salaketa jartzeko aukera aztertzeko eskatu dio Imazek Jaurlaritzari. Bien bitartean, EHIGE zer neurri hartu aztertzen ari da.