Gizartea -
Donostia
Gizon bat kondenatu dute, 3 urteko alabari abusuak egiteagatik
Bi urteko espetxe zigorra ezarri diote. Dibortzio prozesuan adostutako bisitetan egin zizkion abusuak neskatoari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako epaile batek bi urteko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati, hiru urteko alabari sexu abusuak egitea egotzita. Gizonezkoa eta emaztea dibortziatuta zeuden, eta zenbait bisitatan egin zizkion ukipenak neskatoari.
Gainera, auzitegiak bost urtez alabarengana edo horren etxera, ikastetxera eta aisialdi lekuetara ez hurbiltzea ere ezarri dio, eta amari 6.000 euroko kalte-ordainak ematea ere bai.
Epaiaren arabera, senar-emazteak 2008ko ekainaren 27an banandu ziren, akordio legal baten bidez. Horretan, bisiten baldintzak ezarri zituzten.
Horren ostean, 2009ko udako hiru egunetan, gizonak ukipenak egin zizkion neskatoari, "asmo lizunekin". Une horretan, erasotzailea alkohol-zalea eta drogazalea zen.
Kondena ezartzeko, epaileak sinesgarritasuna eman dio neskatoaren deklarazioari. Izan ere, denborak aurrera egin ahala horretan aldaketak izan badira ere, "mantendu egin izan du funtsezkoena", hau da, aitak abusuak egin zizkiola.