Gizartea -
Iruzurrak
Gezurretako billeteen eta loteria sarituaren iruzurraz ohartarazi dute
Ertzaintzaren arabera, urtea hasi zenetik 6 kasu zenbatu dituzte. Guztira, 24.000 euroko iruzurra egin dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gezurretako billeteen eta loteria sarituaren iruzurren gorakadaz ohartarazi du Ertzaintzak. 2016a hasi zenetik sei kasu zenbatu dituzte eta 2015an, ostera, 32 salaketa izan ziren iruzurragatik.
Urtea hasi zenetik erregistratutako sei kasuetan 24.000 euroko iruzurra egin dute iruzurgileek. Sei kasu horietatik lau Bizkaian zenbatu dituzte (bi Trapagaranen eta bana Santurtzin eta Portugaleten), eta bana Gasteizen eta Donostian. Halaber, biktimen batez besteko adina 70 urtekoa da.
Hori dela eta, iruzurgileek nola jarduten azalduko diete ertzainek adineko pertsonei.
Halaber, finantza erakundeekin abiatutako protokoloari eutsiko dio. Iaz, hiru iruzur saiakera saihestu zituzten protokoloari esker: bi biktimak 3.000 euro ateratzeko asmoa zuten eta hirugarrenak, berriz, 12.000 euro ateratzekoa iruzurgileei gezurretako billeteen eta loteria sarituen truke emateko.