Gizartea -

Finlandia

Etxenike 'doctor honoris causa' izendatu dute Finlandian

EHUko katedradun eta Donostia International Physics Centerren presidenteari izendapen hori eman diote Aalto unibertsitate ospetsuan, teknologia eta zientzia alorrean egindako ekarpenengatik.

Pedro Miguel Etxenike. Argazkia: EiTB
Pedro Miguel Etxenike.
Pedro Miguel Etxenike. Argazkia: EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aaltoko Unibertsitateak Pedro Miguel Etxenike Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) katedraduna eta Donostia International Physics Centerreko (DIPC) presidentea teknologiako doctor honoris causa izendatu du, zientzia, teknologia, eta gizarte arloetako beste 10 pertsona entzutetsurekin batera. Finlandiako Aaltoko Teknologiako Unibertsitateak bi urtean behin ematen ditu sariok, 80 urtetik gorako tradizioa dute, eta izen handiko zientzialari eta teknologoak saritu ditu haien ibilbide profesional nabarmenengatik.

Etxenikek arlo zientifiko eta kulturalean egindako lana azpimarratu dute, eta baita azken hiru hamarkadetan Aaltoko Unibertsitatearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza bultzatzen eginiko ekarpena, bereziki ikerkuntza zientifiko eta teknologiko arloetan bi erakundeen arteko partekatzea bultzatuta. Pedro Miguel Etxenikek esan du oso harro dagoela jasotako sariarekin, bere ibilbide profesionala aitortzeaz gain, batez ere EHUren balore zientifikoa eta eginiko lan bikaina aitortzen dituelako, eta abangoardiako oinarrizko ikerkuntzak duen potentzial teknologikoa onartzen duelako.

Aaltoko Unibertsitatea mundu mailako bost "Rising Stars" eta goranzko izarretako bat da, orain gutxi Massachusetts Institute of Technologyk (MIT) argitaratutako lan baten arabera. Unibertsitate finlandiarra, enpresa-sorkuntza eta kultura ekintzailea bultzatzeagatik nabarmentzen da, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU berriak Eguneko albisteak