Gizartea -
Eusko Legebiltzarra
Etxerik gabeko pertsonak gogorarazi dizkio oposizioak Jaurlaritzari
Problematikaren aurrean EAEko Exekutiboak azaldu duen “sentsibilitate” falta kritikatu du oposizioak. Gainera, oraindik estrategia bat prestatu ez izana aurpegiratu dio.
Agentziak | Erredakzioa
Etxerik gabeko pertsonen problematikaren aurrean Eusko Jaurlaritzak orain arte azaldu duen “sentsibilitate” eta ekintza falta kritikatu du oposizioak Eusko Legebiltzarrean. Gainera, oraindik estrategia bat prestatu ez izana aurpegiratu dio; izan ere, Gasteizko Ganberak txostena 2014an eskatu zion.
Alderdi politiko guztiek, EAJk izan ezik, EH Bilduren eta PSE-EEren zuzenketa bati babesa eman diote. Testu originala koalizioak aurkeztu du. Legebiltzarraren agindua “beste behin ere ez betetzea” leporatu diote taldeek Eusko Jaurlaritzari testuan. 2014ko azaroan egindako saio monografikoan etxerik gabeko pertsonen egoerari aurre egiteko estrategia bat prestatzea eskatu zioten Exekutiboari, gogorarazi dutenez.
Gainera, testua puntuka bozkatzeari uko egin dio EH Bilduk. Horrela, Eusko Jaurlaritzari hiru hilabeteko epean estrategia prestatu eta Ganberari bidaltzea eskatzeko, ekimena jeltzaleek babestea saihestu du koalizioak.
Amaia Arregi EAJko legebiltzarkidearen hitzetan, Jaurlaritza gainerako erakundeekin eta eragileekin batera egitasmoa Legebiltzarrera eramateko “lanean” ari da. Testuaren “oinarri sendoa” izango den diagnostikoa egiten ari direla goraipatu du.
“Alferkeria” eta “geldotasuna”
Iñigo Urkulluren Exekutiboaren “alferkeria” eta “arduragabetasuna” kritikatu du Eva Blanco (EH Bildu) legebiltzarkideak. Euskadin, 1.800 pertsona inguru kalean edo aterpetxetan bizi direla gogorarazi du Blancok.
“Etxerik gabeko” fenomenoarekin bukatzeko estrategia berezi bat izatea beharrezkoa dela nabarmendu du Txaro Sarasuak (PSE-EE). Lankidetza hori zuzentzea Eusko Jaurlaritzaren ardura dela erantsi du sozialistak.
Laura Garridok (PP) Eusko Jaurlaritzaren “geldotasuna” salatu du. Zentzu horretan, Exekutiboa “ardura saihesten” ari dela esan du Garridok. Legebiltzarraren agindua betetzeko, lanean hastea eskatu dio.
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidearen ahotan, Iñigo Urkulluren Exekutiboak “gai horiek konpontzeko borondate politikorik ez du, sentibera ez delako”. Era berean, Legebiltzarreko aginduak bete ez dituela gogorarazi du.