Gizartea -
Ikastetxe publikoak
Isuna, EAEko eskoletan jantoki zerbitzua ematen zuten 8 enpresari
Lehiaren Euskal Agentziak 18 milioi euroko isuna ezarri die prezioak adosteagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lehiaren Euskal Agentziak 18 milioi euroko isuna ezarri die Euskal Autonomia Erkidegoko eskola publikoetan jantoki zerbitzua emateko kontratua izan duten zortzi enpresari, prezioak adosteagatik.
Agentziak frogatutzat jo du gutxienez hamar urtean -2014ra arte- zigortutako zortzi enpresek lote guztietan lehiatzeari uko egin ziotela loteak banatzea bermatzeko. Horrela, jardunbide horri esker, aipaturiko enpresek lote bereko eskoletako jantoki zerbitzua bereganatzen zuten, prezio garestiagoan.
Aipaturiko zortzi enpresek Lehiaren Euskal Legea urratu zuten, Lehiaren Euskal Agentziaren arabera; izan ere, lege horrek debekatu egiten du prezioak adostea edota lehia murriztea.
Hauek dira Lehiaren Euskal Agentziak zigortutako zortzi enpresak: Auzo Lagun, 6.108.446 euro; Cocina Central Goñi, 522.879 euro; Cocina Central Magui, 775.827 euro; Eurest Colectividades, 6.640.713 euro; Eurest Euskadi, 135.497 euro; Tamar Las Arenas, 1.108.347 euro; Gastronomía Cantábrica, 1.626.662 euro; Gastronomía Vasca, 1.546.226 euro.
Eusko Jaurlaritzak aldatu egin du eskola publikoetako jantoki zerbitzua kontratatzeko sistema ikasturte honetan. Lehiaren Euskal Agentziaren hitzetan, "lehiari atea irekita", 7 milioi euro aurreztu dira, zerbitzuaren kalitateak okerrera egin gabe.