Gizartea -

Olatu handiak

Denboraleak kalte ugari utzi ditu Euskal Herriko kostaldean

Donostiako kale eta etxabe batzuk urak hartu ditu. Bermeon, kai-muturreko 50 bat metro kaltetu dira. Bestalde, Ondarroako alde zaharrean ura sartu da.

Denboralea Donostian. Argazkia: EFE
Denboralea Donostian. Argazkia: EFE
Olatuek gogor astindu dute Donostia

E. Lotina | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alarma gorria 07:00etan bukatu da kostaldean, baina oraindik alerta laranjak jarraitzen du. Lehen berrien arabera, kalteak ez dira duela bi urte, azken alarma piztu zenean, izan zirenak bezalakoak, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.

Donostiako kale eta etxabe batzuk urak hartu ditu. Pasealeku Berria, La Perla, Ondarreta eta Mundaiz eta Maria Kristina zubiak kaltetuenak izan dira, hiriburuko Udalak agiri batean zehaztu duenez.

Martin Ibabe Herri Segurtasun eta Babes Zibileko zinegotziak agiri batean azaldu duenez, gau “zaila” izan da, baina segurtasun neurriek “funtzionatu dute”.

Abuztuak 31 kalean eta Zuloaga plazan ura sartu da, baina dendetan eta etxebizitzetan ez du kalte larririk egin, jabeek segurtasun neurriak hartu dituztelako.

Pasealeku Berrian, olatuek hiri-altzariak apurtu dituzte. Era berean, Ondarretako eta Eduardo Chillida pasealekuetan olatuek altzariak hautsi dituzte, eta kabina kolektiboak eta Tenis Klubeko instalazioak kaltetu dira.

Kontxa Pasealekuan, La Rotonda diskotekan ura sartu da eta erlojuen arrapalaren hesia eraman du. La Perlako jatetxean eta kirol instalazioetan kalte handiak egin ditu urak.

Zubiei dagokienez, Mundaiz, Maria Kristina eta Lehendakari Agirre kaltetuenak izan dira.

Itsasgorarekin ibaiak gainezka egin du Urkiko biribilgunean, Txomin haurren jolastokian eta kartzelaren atzealdean.

donostia san sebastian olatuak olas 8 febrero otsaila 2016 EFE

Olatu handiak Donostian. Argazkia: EFE

Zarautzen, olatuek gogor astindu dute eta ura malekoiko taberna batzuetan sartu da. Hala, ura Galtxagorri Elkartean sartu da berriro. 2014an kalte handiak eragin zituen denboraleak lokalean.

Malekoiko erdialdean dauden bi taberna txikitu ditu itsasoak, Radio Euskadik azaldu duenez. Olatuek guztia urez bete dute eta kalteak handiak dira. Gainera, beste lau lokaletan kalteak eragin dituzte. Morrua hondarrez beteta dago eta olatuek harrizko eskultura batzuk hautsi dituzte.

Hondarribiako Butroi Pasealekuan kalteak egin dituzte olatuek eta haize ufada bortitzek. Harrizko harresiaren zatiak askatu dira bi lekutan, eta hondakinak sakabanatu dira.

Udalak agiri batean jakinarazi duenez, kalteak kai-muturrean eta Babes Portuan gertatu dira.

Errepideetan egoera nahiko lasaia da, arazo bakarra N-634 errepidea da, Zarautz-Getaria tartean bi norabideetan errepidea itxita dago itsasaldeko arriskuagatik.

Bizkaia

Bermeon, 2014an txikitu zuen kai-muturrean kalteak egin ditu itsasoak, baina oraindik oso zakar dabilenez ezin dituzte kalte guztiak zenbatu. Antza denez, morruko 50 bat metro kaltetu dira. Bestalde, Bermeon bertan, itsasoak portu zaharrean gainezka egin du, baina Udalak oraindik ez du kalteen xehetasunik eman.

Ondarroako alde zaharrean ura sartu da eta lokalen bat eta autoren bat kaltetuta daude, Segurtasun Sailak baieztatu duenez.

Itsasoa alde zaharrera heldu da eta lorategietan, zuhaitzetan eta ibilgailuetan kalteak egin ditu. Uraren indarrak autoak mugitu ditu.

Getxon, denboraleak kalteak eragin ditu Ereagako hondartzako barandako metro batzuetan, Igeretxe Hoteletik Turismo Bulegoraino, Udalak agiri batean azaldu duenez. Gainera, Portu Zaharreko estolda-estalki batzuk bere tokitik atera dira sartu den ur kopuru handiaren ondorioz.

Ibilgailuak ezin izan dira Portu Zaharrerantz abiatu, estolden egoera konpondu bitartean. Pedro Bilbao estatuatik ‘La Ola’ jatetxerainoko bidea itxita dago oraindik oinezkoentzat, area eta baranda hondar-zatiak daudelako.

Lekeition, Isuntza elkartea txikitu dute olatuek. Pobeñan (Muskiz) itsasgorarekin batera uholdeak izan dira.

Alarma gorria dagoeneko ez dago indarrean, duela bi urte ezarri zuten azkenekoz eta orduan bai, kalteak izugarriak izan ziren.

Haize ufadengatik ere abisu horian gaude 18:00ak arte. Azken neurketen arabera, Matxitxakon 121 kilometro orduko ufadak neurtu dituzte eta Punta Galean 104.

Muskiz Pebeña inundaciones uholdeak pleamar itsasgora. Foto: @MuskizMA

Uholdeak itsasgorarekin batera Pobeñan (Muskiz). Argazkia: @MuskizMA

Datozen egunak

Segurtasun Sailak jakinarazi du alerta laranja asteazken honetako 06:00ak arte izango dela indarrean, sei metrorainoko olatuak espero direlako.

Asteazken arratsaldean, berriz, abisu horia jarriko dute indarrean, 17:00etatik 19:00etara bitartean, lau metroko olatuak izango direlako.

Nabigazioari dagokionez, asteazkeneko 06:00ak arte alerta laranja izango da indarrean; ordu horretatik arratsaldeko 18:00ak arte, ostera, abisu horia ezarriko dute.

Ostegunean abisu horia egongo da indarrean, 3 eta 3,5 metro arterainoko olatuak izango direlako.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo azken albisteak Getxo argazkiak Denboraleak bideoak Zarautz albisteak Hondarribia bideoak Muskiz argazkiak Eguraldia argazkiak Lekeitio bideoak Ondarroa Zumaia Ura