Gizartea -
Merueloko zabortegia
Kantabria Gipuzkoako hondakinak jasotzen hasi da
Datozen hiru hilabeteetan 42.000 bat tona jasoko ditu Merueloko zabortegiak. Bitartean, Kantabriako Gobernuak eta Aldundiak datozen lau urteetarako akordio bat negoziatuko dute.
Agentziak | Erredakzioa
Datozen hiru hilabeteetan Gipuzkoako 42.000 bat tona hondakin jasoko ditu Merueloko (Kantabria) zabortegiak. Bitartean, Kantabriako Exekutiboak eta Aldundiak datozen lau urteetarako akordio bat negoziatuko dute. Akordioa Kantabriako Parlamentuak berretsi beharko du ituna sinatu baino lehen.
Eva Diaz Tezanos Kantabriako presidenteordeak eta Ingurumen kontseilariak prentsaurrekoan azaldu zuenez, hiru hilabetez zaborra jasotzea legalitate kontua da, baina baita “koherentzia eta elkartasun” gai bat ere. Erkidego batek osasun arazo bat konpontzeko laguntza eskatu diela goraipatu zuen.
2015eko martxoan onartutako dekretu batek arautzen du hondakinen mugikortasuna. Hala, erkidego batek zaborra beste erkidego batera eramatea nahi badu idatziz eskatu beharko du. Ondoren hartzaileak kontra agertzeko hamar eguneko epea du. Diaz Tezanosen ahotan, zaborrak onartzea legalitate kontua da.
Akordioa bi hilabete egongo da indarrean, eta beste 30 egun luzatzeko aukera dute. Horrela, Meruelora 42.000 tona hondakin eramango dituzte Gipuzkoatik. Tonako 94,93 euro ordaindu beharko ditu Gipuzkoak.
Aldi berean, Gipuzkoak urtean sortzen dituen 200.000 tona zaborren laurden bat Meruelora eraman ahal izateko akordio bat negoziatuko dute bi erkidegoek. Bitartean, Gipuzkoak zabortegi propioa eraikiko du.
Jatako zabortegia irekiko dute Artigaseko zaborra eramateko
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak Jatako zabortegira eramango ditu behin behineko neurri gisa Artigasek jaso beharreko hiri hondakinak, azken horren edukiontzia bete egin delako.
Aldundiak jakitera eman duenez, gaurtik aurrera hasiko dira zaborra Jatako zabortegira eramaten, eta bederatzi hilabetez egongo da neurria indarrean, Bilboko zabortegian edukiontzi berria egiteko denbora horixe beharko baitute. Dagoeneko jakin omen diete neurria Maruri-Jatabeko eta Lemoizko udalei.
Jatako zabortegia geldirik egon da 2014ko urtarrilaren 1etik, bi urte baino gehiago.