Gizartea -
Europako Batzordea
EBk Donostia hautatu du gidaririk gabeko autobusak probatzeko
Europako Batzordeak, Zazpigarren Esparru Programaren bidez, Donostian dagoen Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea aukeratu du autobus automatizatuekin (gidari gabeak) probak egiteko.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak jakinarazi duenez, Europako zenbait hiri handiren ostean, hala nola Lausana (Suitza), Arroxela (Frantzia) eta Trikala (Grezia), Europako Batzordeak Donostia hautatu du, hiru hilabetez, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parketik ibiliko den autobus automatizatua funtzionamenduan jartzeko. Ezaugarri horiek dituen lehen erakuslea izango da, nola Euskadin hala nazioan.
CityMobil 2 proiektu europarraren barruan kokatzen da aukeraketa; proiektu horren helburua da ibilgailu automatizatuak probatzea eta horien integrazioan sakontzea hiri-eremuan zein benetako ingurunean.
Novadays aholkularitzak eta Tecnalia Ikerketa Zentroak (proiektuaren aitzindariak estatuan) Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearen hautagaitza bultzatu dute ekimena gauzatu ahal izateko.
Donostiako Udalak parkeko bideak egokituko ditu autobus automatizatuak modu ezin hobean funtziona dezan. Udalbatza ekimenaren alde dago, "bat egiten duelako berrikuntzarako jarraitu nahi dituen ildo estrategikoekin hiri-mugikortasunari eta garraio garbi eta jasangarriari dagokienez".
12 pertsonentzako ibilgailu automatizatu eta elektrikoa "azken miliako" garraio gisa erabiliko da. Hiriko garraio publikoa Parkeko enpresa eta zentroekin konektatuko duenez, "zerbitzuak hobera egingo du"; izan ere, gaur egun, esparruaren barruan ez da ibilbiderik eskaintzen. CityMobil 2 udaberrian helduko da Donostiara eta hiru hilabetez egongo da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean.