Gizartea -
Ingurumena
Kastoreen aztarnak, Nafarroan
Bi argazkik erakusten dute oraindik ere kastoreak daudela Arga ibaian. Gurelur elkarteak animalia horiek babesteko deia egin du.
eitb.eus
Kastoreek aztarnak utzi dituzte asteazken honetan Arga ibaian, Iruñean, albiste honekin batera dauden argazkiek erakusten dutenez. Horietan, zenbait zuhaitz ikusten dira, animalia horiek karraskatuta.
Europar kastorea duela hainbat mende bizi izan zen Ebro ibaiaren haranean, eta espezie hori arro osoan populatu zen, baina desagertu egin zen "gizakien presio neurrigabearen ondorioz". Izan ere, larrua eta okela lortzeko ehizatu zituzten.
2003 urtetik aurrera, baina, hainbat kastore ikusi dituzte Arga ibaian, legez kanpo askatu baitzituzten bertan urte hartan.
Iaz, Gurelur elkarteak ohartarazi zuen 2008tik 2013ra 90 kastore hil zituztela Nafarroan, eta 2014an Foru Gobernuko Ingurumen Kontseilaritzak hilketak egiten jarraitzea baimendu zuela.
Horren ildotik, irabazi asmorik gabeko elkarte horrek azaldu du espezie honek ez duela "kalterik" egiten. Are gehiago, "gure ibaien dibertsitatea" errazten duela nabarmendu zuen.
"Kastoreak Nafarroara itzultzeko modua ez zen legearen araberakoa izan, baina dagoeneko hemen daudenez, babestu eta mantendu egin behar dira horien populazioak", eskatu zuen.
Argazkia: EFE