Gizartea -
Bilboko Portua
'Modern Express' ontziak legez kanpoko egurra daramala uste du Gabonek
Ontziaren zama ikuskatzea eskatu dio Afrikako herrialde horretako Gobernuak Interpoli.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gabongo Gobernuak Modern Express ontziaren zama ikuskatzea eskatu dio Interpoli, legez kanpoko egur kargamentua daraman susmoa baitu.
Afrikako herrialde horretako Gobernuaren agirien arabera, ontzia "urtarrilaren 15etik abiatu zen Gabonetik, moztuta dagoen 4.089 tona egur zeramatzala". Horrez gain, baina, arbastatu gabeko egurra (azalik ez duena) ere badaramala uste du Regis Immongault Ekonomia ministroak, eta kontuan hartu behar da produktu hori esportatzea legez kanpokoa dela.
Ministroak premiazko bilera egin zuen atzo Alain Paul Ndjoubi Ossamy Mugazainetako zuzendari nagusiarekin eta Geert Van Gansbeke Necotrans enpresako presidentearekin, polemika argitzeko.
Van Gansbekeren esanetan, bere enpresak "moztutako egurra" baino ez zuen zamatu, eta operazioa legezkoa dela erakusteko hainbat agiri aurkeztu zituen Gaboneko portu batean.
"Barne ministroari Interpolekin hitz egiteko eskatu diot, ontziaren zama kontrola dezaten, zer motatako egurra garraiatu duen zehazteko", gaineratu du Immongaultek, eta egur-trafikoa zorrotz zigortzen dutela gogorarazi du.
Ontzia 164 metro luze da, eta egurra ez ezik, pisu handiko dozena bat makina ere daramatza.
Oraindik argitzeke dauden kausak direla medio, oker-oker eginda geratu zen itsasoaren erdian, eta noraezean egon zen astebetez, Frantziako Landen parean.