Gizartea -
Bilboko Portua
'Modern Express' Bilboko Portuan dago jada
Zamaontzia Punta Galean izan da goiz osoan, olatuak oso handiak izan direlako.
agentziak | erredakzioa
Modern Express kargaontzia, Bizkaiko Golkoan oker-oker eginda jitoan egon den itsasontzia, Bilboko Portuan sartu da gaur arratsaldean, olatuak gainditu ostean.
Centaurus atoi-ontziak eraman du Frantziako kostaldetik Bizkaiko Golkoraino, Ibaizabal Once eta Alice One ontziak alboan zituela.
Zamaontzia 17:00etatik dago portuaren barruan. Hurrengo egunetan, tente jartzeko lanak egingo dituzte.
Hasiera batean, atzo arratsaldean edo gauean porturatzea pentsatu bazuten ere, agintariek eta SMIT konpainiako adituek gaur goizera atzeratzea erabaki zuten, maniobrak egun-argiz egiteko. Eguraldiak hobera egingo duela iragarri dute meteorologia zerbitzuek, eta arratsalderako aurreikusita dagoen itsaso barearekin lanak errazago egite espero dute.
Ontzia 164 metro luze da, eta 3.600 tona egur eta pisu handiko dozena bat makina daramatza. Oraindik argitzeke dauden arrazoiak direla medio, oker-oker eginda geratu zen itsasoaren erdian, eta jitoan egon zen astebetez, Frantziako Landen parean.