Gizartea -
Egitaraua
25 konpartsak desfilatuko dute Donostiako Inauterietan
Azkar heldu dira aurten Inauteriak Donostiara, otsailaren 4tik 14ra egingo baitituzte.
eitb.eus
Inauteriak inoiz baino goizago helduko dira aurten Donostiara, Danborrada eta Kaldereroak atzean gertu daudela.
Udalak Inauterietako egitaraua aurkeztu du astearte honetan, eta aurten bereziak izango direla adierazi du, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutza giroan izango baita.
Osteguna, hilak 4
Alfonso Gurpegui Festa Jarduetarako zinegotziak azaldu duenez, Inauteriak ostegunean hasiko dira. Egun horretan, 21:00etan, desfileetan parte hartuko duten 25 konpartsak aurkeztuko dituzte. Illunben egingo dute ekitaldia.
Ohiturari jarraituz, Momo jainkoa izango da buru inauterietan. Aurten, jainkosa izango da, Wendy Cerezo Rodriguez Errenteriako Odissey konpartsako kideak egingo baitu Momorena.
Jankosari eta horren segizioari Ostegun Gizenean egingo diete harrera, Londres hotelean, eta orduan jasoko dituzte festaren giltzak. Ostirala, hilak 5
Hurrengo egunean, ostiralean, konpartsek berriz ere aurkeztuko dituzte euren jantziak eta koreografiak, 19:00etan, Konstituzio Plazan.
20:00etan, Donostiako Inauterietako konpartsa tradizional bat, Lanpernen Konpartsa, Parte Zaharreko kaleetan barrena ibiliko da.
Larunbata, hilak 6
Goizean, konpartsazaleek Momo jainkosa eta haren segizioa esnatuko dituzte Londres hotelean, goizeresi batzuk kantatuta. Aurten, gainera, Donostiako aspaldiko inauterietako zenbait abesti berreskuratuko dituzte.
17:00etan, Inauterietako lehen desfile handia abiatuko da, hiriko erdigunean. Desfile hori hurrengo egunean, igandean, ere errepikatuko dute. Larunbatean bertan, Konstituzio plazan, inauteri tradizionala agertokira azalduko da. Kaldereroak, Danborrada, Lanpernen Konpartsa, Lorezainen Konpartsa?
Konstituzio plazan izango den erromeriarekin amaituko da gaua.
Igandea, hilak 7
Goizean, Inauteri txikia izango da, eta karrozak eta konpartsak erdialdean arituko dira desfilatzen, 11:30etik.
17:00etan, konpartsak berriz ere desfilatuko dira.
Astelehena, hilak 8
Inauterizaleek festaz gozatzeko azken aukera izango dute eta sardinak errez amaituko dute jaia, Boulevarden. Segizioa Bilbo plazatik abiatuko da 19:30ean, eta ordu erdi geroago Ugartemendia plazara iritsiko da.
Igandea, hilak 14
Altzan, Eltzea Apurtzeko igandera arte luzatu ohi dituzte inauteriak. Egun horretan, konpartsak auzoko kaleetan barrena ibiliko dira, azkeneko aldiz. 11:00etan hasiko da, eta 23 konpartsa arituko dira.