Gizartea -
Atxiloketa
Tiroketa batean nahastutako lagun bat atxilotu dute Bilbon
Santutxu auzoan, urriaren 31n izandako tiroketan ustez parte hartzeagatik identifikatu zuten. Asteburuan atxilotu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Santutxu auzoan, urriaren 31n izandako tiroketan parte hartu zuelakoan, lagun bat atxilotu du Bilboko Udaltzaingoak asteburuan, Bilboko Udalak ohar batean jakinarazi duenez.
Atxilo hartutakoa 34 urteko gizonezko bat da. Larunbatean, 07:00ak aldera, atxiki zuten udaltzainek Basarrate Landan izandako borroka baten harira. Hiru lagun atxilotu zituen Udaltzaingoak, eta horietako bat urriko tiroketan identifikatuta zuten.
Tiroketa 2015eko urriaren 31n jazo zen, 12:30ean. Furgoneta batean zihoan lagun batek hainbat tiro jaurti zituen airera gazte talde baten ondotik pasatzean. Gertakaria Juan de la Cosa kalean jazo zen, Santutxu auzoan. Zorionez, ez zen inor zauritu.
34 urteko gizonezko bat identifikatu zuen Poliziak, eta larunbatean atxilotu zuten, eraso eta heriotza-mehatxu delituak egotzita.