Gizartea -
Memoria historikoa
Ezkaba mendian fusilatutako 14 pertsonen gorpuzkiak atera dituzte
Zalantzak daude hondar batzuekin, eta horren arabera 15 izan daitezke aurkitutako gorpuzkiak.
Agentziak | Erredakzioa
Francisco Etxeberriaren aginduetara egon den Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikoz eta paleontologoz osatutako lantalde batek Ezkaba mendiko gotorlekutik ihes egin zuten 14 pertsonen gorpuzkiak aurkitu dituzte Olabeko (Nafarroa) hilerritik gertu. Iheslariak 1938an fusilatu eta lurperatu egin zituzten.
Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako sailburu Ana Ollon ehorzketa-lanak egiten ari diren lekuan egon da gaur goizean, Iruñetik gertu. Harekin batera egon da Alvaro Baraibar ere, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia.
Francisco Etxeberriak adierazi duenez, aurkitu behar zituzten gorpuzki guztiak topatu dituzte, nahiz eta zenbait testigantzaren esanetan 18 pertsona egon zitezkeen hobian lurperatuta. Hala ere, hondar batzuen gainean zalantzak daude, eta horren arabera 15 izan daitezke aurkitutako gorpuzkiak.
Aranzadi Elkarteko paleontologoak baieztatu egin du garezurretako batzuek balek eragindako zuloak zituztela.