Gizartea -
Gipuzkoa
Orozkoko gizon bat hil da Zumaian belaontzi batetik behera erorita
Itsasontzian hiru lagun zihoazen guztira eta, noraezean zeudela ikusita, hainbat surflarik uretatik irteten lagundu diete. Alabaina, ezin izan dute suspertu erreskatatuetako bat.
Agentziak | Erredakzioa
Orozkoko (Bizkaia) 68 urteko gizonezko bat hil da noraezean zebilen belaontzi batetik uretara erori eta gero, Zumaian (Gipuzkoa). Hildakoa beste bi gizonekin zegoen, Santiago hondartzaren inguruetan, herri gipuzkoarrean, eta onik daude, Segurtasun Sailak zabaldu duenez.
Hiru gizonak jausi ondoren, bertan zeuden hainbat surflarik uretatik erreskatatu dituzte, baina ezin izan dute suspertu horietako bat, eta Zumaian hil da.
13:20 inguruan, Zumaiako ahotik gertu zegoen herritar batek ikusi du belaontzia norabiderik gabe zebilela Orrua izenez ezagututako gune batean, hortaz, SOS-Deiak abisuan jarri du.
Ondoren, larrialdietako euskal zerbitzuak Itsas Salbamenduari laguntza eskatu eta horrek Gurutze Gorriko talde bat mugiarazi du, Getariatik. Halaber, inguruetan zebilen surflari talde bat hiru gizonen bila abiatu da, ordurako uretara eroriak baitziren.
Operatiboan, Bilboko Itsas Salbamenduko Zentroak koordinatuta, Ertzaintzako helikoptero batek eta Osakidetzako beste batek parte hartu du, baita Itsas Salbamenduko beste ontzi batek ere.
Belaontziak, noraezean, arroken kontra talka egin du eta erabat apurtuta geratu da.