Gizartea -
Osasuna
Zika kasu bat baieztatu dute Valladoliden
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) astelehenean erabakiko du nazioarteko larrialdia ezarriko ote duen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaztela eta Leongo Gobernuak baieztatu du zika birus kasu bat atzeman dutela Valladolideko ospitalean. Gaixotasun hori duen pertsona Kolonbiatik etorritako gizonezko bat da.
Zika birusak sukarra eragiten du, eta gripearen antzekoa da. Aedes motatako eltxoek transmititzen dute.
Dena dela, gaixotasuna larria izan daiteke haurdunen kasuan. Izan ere, fetua hil egin daitekeela edo malformazioak izan ditzakeela dirudi, oraindik guztiz baieztatuta ez dagoen arren.
Valladolidekoa ez da Espainiako Estatuko lehen zika kasua; Katalunian ere bi izan dira.
OMEk astelehenean erabakiko du nazioarteko larrialdia ezarriko duen
Testuinguru honetan, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) uste du birusak 3-4 milioi pertsonari eragingo diela aurten Amerikan. Horregatik, biltzarra egingo du astelehenean, nazioarteko larrialdi egoera ezarri edo ez erabakitzeko.
Une honetan, birusa 24 herrialdetara zabaldu da. Brasil izan da lehena, eta kasu gehien dituena. Bertan, 1,5 milioi pertsona gaixotu dira, eta 4.180 jaioberrik mikrozefalia dute.
Hainbat herrialdetan, oraindik haurdun ez geratzeko eskatu diete agintariek emakumeei. OMEk, baina, ez du eskakizun horrekin bat egin.