Gizartea -

Hilketa MATXISTA Gasteizen

Kartzelatu egin dute Aliciaren ustezko hiltzailea

Fiskaltzak hilketa delitua eta beste hilketa saiakera bat egotziko dio, eta sexu abusuak egitea leporatzea ere aztertzen ari da.

Leihotik behera bota zuten urte eta erdiko umea. EFE.
Fiskaltzak 3 delitu leporatu ahal dizkio Gasteizko ustezko hiltzaileari

1:28

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizen 17 hilabeteko neskato bat ustez hil duen gizonezkoa kartzelatu egin dute jada, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik baieztatu dutenez.

Daniel Montaño (30 urte) Zaballako espetxean sartu dute 17:00etan, Santiago Ospitaleko Psikiatria Unitatetik atera ondoren.

Neskatoa, Alicia, atzo arratsaldean hil zen Gurutzetako Ospitalean. Aurreko egunean, gizonezkoak ustez sexu abusuak egin zizkion, Gasteizko etxebizitza batean, eta, ondoren, leihotik bota zuen. Umearen amari (18 urte) ere eraso zion.

Ustezko hiltzailea Sevillakoa da, baina Gasteizen ezarri zuen bizitokia duela zenbait urte, eta musika irakaslea zen Arabako bi zentrotan.

Fiskaltzak hilketa delitu bat eta beste hilketa saiakera bat egotziko dio. Gainera, adingabeari sexu abusuak egitea leporatzea ere aztertzen ari da.

Bestalde, Clara Campoamor elkarte feminista pertsonatu egin da prozesu judizialean, eta espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatuko du.

Gaitzespena

Gertatutakoa salatzeko, Gasteizko Askatasun kaleko 14. zenbakia aldare bihurtu dute herritarrek. Neskatoaren oroimenez, kandelak eta pelutxeak paratu dituzte bizilagunek bertan.

Gasteizko Udalak elkarretaratze isila deitu du gaur eguerdirako. Astelehenean jasandako "eraso basatiaren" ondorioz jazotako "gertakari krudelak" gaitzestea izan du helburu bilkurak.

Hainbat erakundetako eta elkartetako ordezkariek hartu dute parte bilkuran. Besteak beste, elkarretaratzean izan dira Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria. Gertatutakoa gaitzetsi dute, eta haurraren amari babesa eskaini diote.

Urtaranek esan duenez, gainerako erakundeekin elkarlanean ari dira, umearen amari "laguntza eta babesa" eskaintzeko. Herritarrei, eta "batez ere, gizonezkoei", dei egin die alkateak, "indarkeriarik gabeko gizarte baten eraikuntzan parte har dezaten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala albisteak Tratu txarrak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gasteiz berriak Eguneko albisteak