Gizartea -
Egitarau 'zabala'
Bilbok mozorroa jantziko du datorren asteartera arte
Egun handietako bat larunbata izango da, Mozorroen Lehiaketa egongo baita arratsaldean.
Agentziak | Erredakzioa
Otsailaren 9ra arte mozorroa jantzita izango da Bilbo, eta egun horietarako, inauteri "parte hartzaile eta anitza" prestatu dute Udalak eta Bilboko Konpartsek. Aurten ere elkarrekin adostu dituzte ekitaldiak: "Gustu eta adin guztientzat izango dira ekitaldiak", nabarmendu dute antolatzaileek. Hala, kontzertuak, dantza erakustaldiak, jan-edan lehiaketak, umeentzako ekintzak eta, nola bestela, mozorroen lehiaketa izango da egitarauan.
Gaurkoan haurren txanda izango da, mozorroa aldean, Albiatik Zazpi Kaleetarako bidea egingo baitute goizean.
Era berean, gaurko dago iragarrita Farolin eta Zarambolas pertsonaiei urtero egiten zaien epaiketa. Plaza Barrian izango da, 19:30etik aurrera. Aurten Ane Zabala kazetaria eta Galder Perez aktore eta gidoilaria izango dira Bilboko Inauterien pertsonaia ezagunak. Epaiketa bukatuta, iseka egiteko koplak eta dantzak egingo dituzte Santiago plazan.
Larunbata da aratusteen egun handienetakoa. Kontzertuak, dantza erakustaldiak, fanfarreak, buruhandiak eta, nola bestela, mozorro lehiaketa. Epaimahaia plaza biribilean paratuko da, baina epaimahaiko beste kide batzuk Kale Nagusian, Moyua plazan, Astarloa, Diputazio eta Zabalgunean kokatuko dira mozorroak ikusi eta sortzen duten giroa hobeto baloratzeko.
Asteartearekin amaituko dira aratusteak, Sardinaren Hiletarekin. 19:30ean hasiko dira ekitaldiak, Sardinaren gorpua Plaza Barritik Arriaga antzokiko plazara eramango dute. Herritarrek segizioarekin batera egin ahalko dute bidea, beltzez jantzia eta kandelak eskuan. 20:00etan egingo dute aratusteei agur esateko ikuskizuna.
Inauterien egitarauaren aurkezpenean Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jai zinegotziak nabarmendu zuenez, "eraso sexisten aurrean erne egon behar gara". Haren iritzian, "jaietan denak ez du balio, eta berez jazarpena dena ezin da 'ligoteo'arekin mozorrotu".