Gizartea -
Osasuna
Osakidetzak % 4 areagotu du operazioen kopurua
Halaber, oraindik 50 egunekoa da ebakuntza egiteko batez besteko itxaronaldia.
EITB.EUS
Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberria hedabideen aurrean agertu da gaur, Osasun Laguntzako zuzendari Antonio Arraiza doktorearekin batera, Osakidetzaren 2015eko jarduera-balantzea egiteko. Programatutako kirurgia-jarduerak, 2014koaren aldean, % 4ko hazkundea izan duela nabarmendu du; hau da, iaz kirurgia handiko 4.550 ebakuntza gehiago egin ziren, horietatik % 60 modu anbulatorioan.
Ildo horretan, egindako ahalegina nabarmendu du Osakidetzako zuzendari nagusiak; izan ere, "jarduera handitu arren, oraindik 50 egunekoa da" kirurgiako ebakuntza bat egiteko batez besteko itxaronaldia. Etxeberriak azaldu duenez, "horrek esan nahi du Osakidetza ezaugarritzen duten kalitate-parametroei eusten diegula oraindik: gure Hobekuntza Planak ezarritakoa baino 5 egun gutxiagokoa da itxaronaldia".
Horrez gainera, Osakidetzako arduradunek nabarmendu dute Lehen Mailako Arretan artatutako kontsultak, dela osasun-zentroetan dela etxean, % 5 gehiago izan direla; telefono bidezko kontsulten (2.317.495) hazkundea ere azpimarratu dute, lehen mailako arretan egindako guztien % 20,4 baitira jada.
Horien esanetan, antzeko bilakaera izan dute Lehen Mailako Arretako eta Arreta Espezializatuko medikuek bertaratu gabe egindako kontsultek ere. Horrelako kontsultak 64.000 inguru izan dira, 2014an baino % 31 gehiago. Harreman horren ondorioz, ebazpen kopuru handiagoa egon da Lehen Mailako Arretan, eta horrek saihestu egin ditu atzerapenak zein pazienteen alperrikako joan-etorriak.
Jardueraren balantze horretan, berariazko kapitulua izan du web bidezko hitzorduak. Lehen Mailako Arretako 1.600.000 hitzordu baino gehiago eskatu zituzten iaz 500.000 lagunek Osakidetzaren webgunearen bitartez.