Gizartea -
LOMCE
LOMCEren aurkako plataformek azterketei planto egitea proposatzen dute
Lehen Hezkuntzako hirugarren eta seigarren mailako ikastetxeetan egingo diren ebaluazio-azterketen aurka daudela berretsi dute.
Agentziak | Erredakzioa
Hezkuntza Plataformen Topagunea izeneko elkarteak berretsi egin du ikasturte honetan zehar Lehen Hezkuntzako hirugarren eta seigarren mailako ikastetxeetan egingo diren ebaluazio-azterketen aurka dagoela. Horren aurrean estrategia bat diseinatu du, azterketei planto egiteko asmoz.
Aipatu plataformak asanblada egin du gaur goizean Gasteizen. Bertan, positibotzat jo du joan zen ikasturtean Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako ikastetxeek azterketak egin ez zitzaten jarraitu zuen estrategia. LOMCEk azterketa horiek egitea behartzen du.
Ohar baten bidez jakitera eman duenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak Kristau eskola sareko 13 zentrotan eta eskola publiko batean besterik ezin izan zituela gidatze lanak gauzatu, 30 ikastetxetan egiteko asmoa zuenean. Aitzitik, 14 eskola publikok eta bi ikastolak uko egin zioten.
"Lorpen ikaragarria izan zen eta aurten ere jarrera berdina mantenduko dugu" 3. eta 6. mailako azterketen aurrean, azaldu du
Plataformaren esanetan, aipatutako ebaluazioek ez dute hezkuntza komunitatearen babesik, "ikasleen ebaluazio jarraia erabat dinamitatzen baitute egun bateko azterketara mugatuz".
Elkartearen aburuz, azterketa horiek "eredu erabat antipedagogikoa dute oinarri" eta "ikasleak zenbaki huts izatera kondenatzen dituzte".
Horregatik guztiagatik, LOMCEren aurkako plataforma horrek, joan zen ikasturtean egin legez, familia “objektore” bilakatuko ditu, ikasleek azterketa hori egiteko baimenik emango ez dezaten.