Gizartea -
Donostia
Donostiako autobus geltoki berriaren irekiera bertan behera utzi dute
Ostiral honetan inauguratu behar zuten, baina suhiltzaileek egindako txosten baten arabera, ez ditu segurtasun neurriak betetzen eta, ondorioz, itxita jarraituko du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako autobus geltoki berria ez dute ostiral honetan inauguratuko, azken egunotan segurtasun akatsak antzeman dituztelako.
Eneko Goia Donostiako alkateak arratsalde honetan premiazko agerraldia egin du, eta bertan azaldu duenez, suhiltzaileek egindako segurtasun frogetan agerian geratu da suteen aurkako sistemak ez duela behar bezala funtzionatzen.
Horrenbestez, geltokiaren irekiera behin-behinean bertan behera uztea erabaki dute eta ez dute zehaztu noiz egongo den martxan.
Azken egunotan hainbat azterketa egin dituzte eta ez dute arazorik izan, baina gaur goizean suteen kontrako sistemaren froga egiterakoan, “sute larri bati aurre egiteko baldintzak betetzen ez dituela ohartu dira suhiltzaileak”, adierazi du Goiak.
Arazoak autobusak aparkatuta egongo diren nasei eragiten diela erantsi du. Amarako egungo autobus geltokian inoiz ez dela suterik izan gogoratu du, baina segurtasun berme guztiak izan gabe, Atotxako geltoki berria ireki ezin daitekeela azpimarratu du.
Datozen egunetan hartu beharreko neurri guztiak hartuko dituzte, arazoa lehenbailehen konpontzeko. Alabaina, geltokia zabaltzeko data berririk ez dute eman. “Datorren astean irekita egotea ia ezinezkoa izango da”, aitortu du Goiak.
Pilar Arana Garraio eta Mugikortasun zinegotziak gaur goizean bisitatu du geltoki berria komunikabideekin egindako topaketa batean.
Geltokiak hiru solairu, solairuarte bat eta 21 nasa ditu. Urbanizazioa erabat amaituta dagoenean, oinezkoentzako hiru sarrera izango ditu. Bitartean, Frantzia pasealekutik edo Egiako pasadizoko solairuartetik sartu ahalko dira herritarrak.