Gizartea -
Madrid Arena
Auziko inputatu nagusiak bi zinegotzi ohi ikertzea eskatu du
Miguel Angel Flores bost gazte hil ziren jaiaren antolatzailearen defentsak tragediaren erantzule politikoak ere ikertu behar direla defendatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Miguel Angel Flores Madrid Arenaren tragediaren epaiketako inputatu nagusiaren defentsak auziaren instrukzioaren zati bat baliogabetzea eta zorigaiztoko gertakariaren erantzule politikoak ere ikertzea eskatu du.
Astearte honetan egin dute, Madrilgo Lurralde Auzitegian, 2012ko azaroaren 1ean gertatutakoa epaitzeko lehen saioa. Flores enpresaburuak antolatuta, Halloween festa egin zuten Madrid Arenan, eta aretoak 10.620 pertsonarentzako lekua bazuen ere, 23.000 sarrera saldu zituzten. Festaren une batean jende-oldea izan zen, eta bost neskato hil ziren.
Epaiketaren lehen saioan aurretiazko gaiak aurkeztu dituzte aldeek. Defentsak Fatima Nuñez Madrilgo Udaleko Segurtasun eta Larrialdi zinegotzi ohia eta Pedro Calvo Ekonomia zinegotzi ohia eta Madridec sozietate publikoaren presidente izandakoa ere ikertzea eskatu du.
Defentsaren aburuz, auziaren instrukzioan "prozedura irregulartasun larriak" izan dira, eta horrenbestez, ikerketaren zati bat baliogabetzea eskatu du.
Floresen abokatuak nabarmendu duenez, "Madrilgo Udalaren ordezkari hauen kontrako kereilak aurkeztu ziren arren, instrukzio epaileak ez zituen inputatu", deitoratu du.
Calvo Madrilgo hirugarren alkateorde eta Ekonomia, Enplegu eta Herritarren Parte Hartzeko zinegotzia zen tragedia jazo zenean. Horrez gain, Madrid Arena pabiloia Floresen enpresari (Diviertt) alokatu zion erakunde publikoko presidente ere bazen Calvo. Ezbeharra gertatu eta 12 egunera dimisioa eman zuen.
Fatima Nuñez Segurtasun eta Larrialdi zinegotzia zen 2012an. Berak ere kargua utzi zuen, auzian aurre-inputatu zutenean.
"Gehiegizko edukiera gainditu zuten"
Madrid Arenako tragedian hil ziren bost neskatoetako biren abokatuek ere hitz egin dute gaur. Auzitegiko atarian egindako adierazpenetan, Floresek sarrerak ontzi batean ezkutatu zituela salatu dute. Azaldu dutenez, sarrerak nola ezkutatzen dituzten ikusten diren irudiak badaude, eta horiekin argi geratzen da "gehiegizko edukiera gainditu zutela, eta 23.000 sarrera saldu zituztela".