Gizartea -
Noos auzia
Fiskaltzak eta Estatuko Abokatuak infanta errugabetzea eskatu dute
Cristina Borboikoari 'Botin doktrina' ezartzea eskatu du Horrach fiskalak eta Ogasunaren agiri berri bat aurkeztu du argudio gisa. Epai-mahaiak otsailaren 9rako hartu beharko du erabakia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak eta Estatuko Abokatuak bat egin dute ‘Noos auzia’ren epaiketako lehen saioan eta biek eskatu dute Cristina infanta kargugabetzea. Espainiako erregearen arrebaren kontra herri-akusazioa (Manos Limpias) soilik egonda, akusazioari eusteko zilegitasunik ez daukala argudiatu dute.
Pedro Horrach Ustelkeriaren aurkako fiskalak beste txosten bat aurkeztu du Noos auziko epaiketaren hasieran, aldez aurretiko gaiak ebazteko txandan, Cristina infanta errugabetzen saiatzeko.
Txostena Zerga Agentziak egin zuen abenduaren 26an, eta, horren arabera, "arau-hauste administratiboak" ezin dira epaiketa penal batean aztertu.
Zerga Agentziaren txosten berria bat dator Horrachek iaz aurkeztutakoarekin.
Horretan, fiskalak esan zuen Zerga Agentziak "ehunka" ikuskapen egiten dituela Aizoonen tankerako merkataritza elkarteetan, hau da, jabeak senar-emazteak diren enpresetan.
Kasu horietan, balizko arau-hausteak diru-sarrerak sortu dituen pertsonari zigor administratiboak ezarriz zigortu ohi direla adierazi zuen Horrachek.
Horregatik, agentziaren ustez, ezin zaio Cristina Borboikoari deliturik egotzi Aizooneko jabeetako bat izateagatik.
"Inputazioa artxibatzea, eman daitekeen erantzun judizial bakarra"
Bestalde, Horrach fiskalaren esanetan, Cristina infantak jaso dezakeen "erantzun judizial bakarra" da epaileak horren inputazioa "artxibatzea".
Felipe VI.aren arrebaren aurka egin duen bakarra herri akusazioa (Manos Limpias sindikatua) da, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak (Ogasuna) ez baitute akusaziorik aurkeztu.
Hori horrela, Ministerio Publikoaren ordezkariak adierazi du alde kaltedunak (Ogasuna) ez duela Cristina Borboikoa akusatu, eta, horregatik "Ogasuna denok gara" esaldia aitzakia hartuta ezin dela "legea saihestu" esan du.
Ana Maria Tejeirori, Diego Torresen emazteari, dagokionez, horri ere 'Botin doktrina' ezartzea eskatu du Horrachek, Manos Limpiasek egotzitako delitu fiskalaren kasuan. Nolanahi ere, Tejeirok akusatuen eserlekuan jarraitu beharko du, Fiskaltzak beste hainbat delitu egozten baitizkio.
Miquel Roca Cristina infantaren abokatuetako bat pozik agertu da epaiketaren lehen saioaren bukaeran, alde guztiak, Manos Limpias kenduta, Espainiako erregearen arreba errugabea dela eta, beraz, epaitu behar ez dutela esaterakoan bat etorri direlako.
Virginia Lopez Negrete Manos Limpiasen abokatuak, berriz, Palmako Auzitegiko epaimahaiak ‘Botin doktrina’ deitutakoa Cristina infantari aplikatzea edo ez “ondo pentsatuko” duenaren itxaropena agertu du.
“Justizia egingo dela espero dut. Legearen eta Ogasunaren aurrean denok berdinak garela sinetsi nahi dut”, azpimarratu du.
Epaiketa, otsailaren 9a arte etenda
‘Noos auzia’ren epaiketako lehen saioa 22:00etan bukatu da. Epaiketak otsailaren 9an jarraituko du, lekukoen testigantzekin, eta ordurako epai-mahaiak Cristina infantaren kontrako akusazioari eusten dion edo kargugabetu egingo duen erabaki beharko du.
Otsailaren 9a eta 26a bitartean akusatuek deklaratuko dute.
Martxoaren 8a eta maiatzaren 17a bitartean, berriz, lekukoen txanda izango da.
Aipatzekoa da gaurko saioan lekuko berriak onartu dituela epai-mahaiak eta, tartean, Edurne Pasaban mendizalea aurkitzen dela.