Gizartea -
Noos auzia
Horrach: 'Inputazioa artxibatzea da infantarentzako erantzun bakarra'
Cristina Borboikoari 'Botin doktrina' ezartzea eskatu du fiskalak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Horrach Ustelkeriaren aurkako fiskalaren esanetan, Cristina infantak jaso dezakeen "erantzun judizial bakarra" da epaileak horren inputazioa "artxibatzea".
Noos auziaren epaiketaren hasieran egin ditu adierazpenak Horrachek, aldez aurretiko kontuak argitzeko txandan.
Felipe VI.aren arrebaren aurka egin duen bakarra herri akusazioa (Manos Limpias sindikatua) da, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak (Ogasuna) ez baitute akusaziorik aurkeztu.
Hori horrela, Ministerio Publikoaren ordezkariak adierazi du alde kaltedunak (Ogasuna) ez duela Cristina Borboikoa akusatu, eta, horregatik "Ogasuna denok gara" esaldia aitzakia hartuta ezin dela "legea saihestu" esan du.
Ana Maria Tejeirori, Diego Torresen emazteari, dagokionez, horri ere 'Botin doktrina' ezartzea eskatu du Horrachek, Manos Limpiasek egotzitako delitu fiskalaren kasuan. Nolanahi ere, Tejeirok akusatuen eserlekuan jarraitu beharko du, Fiskaltzak beste hainbat delitu egozten baitizkio.