Gizartea -

Larunbatean

Lurraldebusek 8 linea aldatuko ditu Donostiako geltoki berrirako

Lurraldebusek 4.000 pertsona ingururi emango die zerbitzua egunero.

Donostiako geltoki berria, ordenagailu bidez. Argazkia: Donostia.org
Donostiako geltoki berria, ordenagailu bidez.
Donostiako geltoki berria, ordenagailu bidez. Argazkia: Donostia.org

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lurraldebusek zortzi lineatako zerbitzuak aldatu ditu Donostiako geltoki berrirako egokitzeko, larunbatean hasiko baita lanean. Gipuzkoako Aldundiak kudeatzen duen garraio operadoreak 4.000 pertsona ingururi emango die bertan zerbitzua, Lurraldebusen flotaren % 8a erabilita.

Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuak prentsaurreko batean azaldu duenez, Lurraldebusek 230 autobus zerbitzu eskainiko du neguko lanegunetan, 180 larunbatetan, eta 160 igande eta jai egunetan. Larunbatetan abiatuko den lehenengo autobusa goizeko bostetan aterako da Loiuko aireporturantz.

Lurraldebusen mende dauden enpresa hauek erabiliko dute Atotxako geltokia: Pesa (DG07 Eskoriatza/Donostia, DO01 Donostia /Bilbo, DO02 Donostia/Gasteiz, DO03 Donostia/Bilbo, eta DO50B Donostia/Loiu), Euskotrenbideak (DB02 Ermua/Eibar/Zarautz/Donostia eta DB03 Lekeitio/Donostia), eta Ekialdebus (E21 Donostia /Aireportua/Hondarribia. Linea horrek kanpoko geltokia erabiliko du).

Aldaketak

Lurraldebusen lineak aldatu egingo dituzte geltoki berria martxan jartzen denetik aurrera. Garmendiak zehaztu du geltokira doazen linea guztiek geldialdia egingo dutela Pio XII.a plazaren inguruan, garraio publikoaren erabiltzaileek denbora gutxiago gal dezaten.

"Geldialdi hori jeisteko bakarrik izango da, eta teknikoa, hau da, ez da maletategia irekiko eta geldialdia ahal den laburrena izango da", adierazi du Mugikortasun diputatuak.

DG07, DO01, DO02, DO03, DO50B, DB02 eta DB03 (unibertsitateetatik pasatzen diren zerbitzuak izan ezik) lineak Bizkaiko pasealekuan geldituko dira, Jose Antonio Agirre lehendakaria zubiaren ondoan.

Bestalde, unibertsitateetara doazen DB02 eta DB03 linien zerbitzuak, Morlansetik Amarara iritsi ondoren, Manuel Collado kalean geratuko dira, geltokira iritsi aurretik.

Era berean, DO01 Donostia/Zarautz/Bilbo linearen maiztasuna areagotu egingo dute igande eta jai egun arratsaldeetan.

Donostia/Aireportua/Hondarribia ibilbidea egiten duen E21 lineak geldialdia egingo du geltoki berrian aireportura eta Hondarribiara bidean, eta Sancho Jakituna kaleko geldialdia kendu dute.

Donostiara bidean, aldiz, geldialdi berria izango du Bizkaiko Pasealekuan, Hizkuntza Eskola Ofizialaren parean, eta Mundaiz zubikoa kenduko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Ermua argazkiak Eibar bideoak Zarautz argazkiak Hondarribia argazkiak Lekeitio Albisteak Lurraldebus albisteak