Gizartea -

Aireportura

Alicia Gamez: "Albert eta Roque hemen daudenean egongo naiz pozik"

Burkina Fasotik hegazkinez joan da Bartzelonara, German bere anaiarekin eta Soraya Rodríguez Espainiako Gobernuko Kooperazio idazkariarekin batera. Al Qaedak bahituta izan du iazko azarotik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alicia Gamez Kataluinako kooperantea Bartzelonako aireportura heldu da arratsaldeko 17:02etan. Hedabide ugari batu dira aireportuan Gamezen lehen irudiak jasotzeko helburuarekin. Bere esanetan, beste bi kooperanteak (Albert eta Roque) "ondo daude", eta bahitzaileek "errespetuz eta ondo" tratatu dituzte, "beti ere desertuaren baldintzak kontutan hartuz".

Burkina Fasotik hegazkinez joan da Bartzelonara, German bere anaiarekin eta Soraya Rodríguez Espainiako Gobernuko Kooperazio idazkariarekin batera. Al Qaedak bahituta izan du iazko azarotik, Mauritanian.

Bartzelonako Aireportuan egin duen agerraldi laburrean, kooperantea "oso pozik" dagoela esan du, baina "Albert eta Roque bueltatzen denean" zoriontasun hori "erabatekoa" izango dela nabarmendu du.

Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuako presidente ordeak Alicia Gamez Kataluinako kooperantea aske utzi dutela baieztatu du gaur eguerdian. Hiru hilabetez bahituta izan dute. "Ondo dago", esan du De la Vegak.

Oraindik beste bi kooperante daude Al Quaedaren esku. Honen inguruan, Espainiako Gobernuko presidente ordeak esan du "hirurak etxean egotea" nahiko lukeela. Gamezen askatasuna Gobernuak egindako gestioei esker lortu dela eta ordainketarik ez dela egon nabarmendu du.

Espainiako Gobernuak "atsedenik gabe" beste bi kooperanteak askatzeko lan egingo duela esan du. "Ahalik eta lasterren izatea espero dugu", gaineratu du.

Azaroaren 29an Mauritanian bahitu zuten. Harekin batera bahitu zituzten Albert Vilalta eta Roque Pascual Barcelona Accio Solidaria GKEko kideek, berriz, Al Kaidaren esku jarraitzen dute.

Soraya Rodriguez Kooperaziorako Estatu idazkaria bertaratu da Afrikako herrialdera Gobernuaren ordezkari gisa, izan ere, uneoro bahituen senideekin harremanetan egon den pertsona da bera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea