Gizartea -

IKERKETA

Bi urte Borja Lazaroren arrastorik gabe

Argazkilari gasteiztarra 2014ko urtarrilean ikusi zuten azkenengoz, Kolonbian. Haren etxekoek eta lagunek elkarretaratzea deitu dute gaur arratsalderako Gasteizen.

Borja Lazaro
Bi urte Borja Lazaro desagertu zenetik

1:35

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi urte bete dira gaur Borja Lazaro gasteiztarra azken aldiz ikusi zutenetik, Kolonbian. Hori gogoratzeko eta agintariei kasua ez dezatela ahaztu exijitzeko,  familiak eta lagunek deituta, elkarretaratzea egingo dute gaur Gasteizen, 19:30ean, Posta Plazan.

2013ko urriaren 6an hasi zuen bidaia Hegoamerikan, eta Gabonak lagun batzuekin Bogotan igaro ostean, Cabo de la Velara jo zuen, aurretik egindako argazki-erreportaje bertara eramatera.

Urtarrilaren 7tik 8rako gauean lotarako hartu zuen Pujuru ostatutik "desagertu zen, arrazoi gabe eta arrastorik utzi gabe", haren familiak hasieratik salatu izan duenez. Lazaroren berririk gabe hainbat egun pasatu ondoren, etxekoek salaketa jarri zuten Ertzaintzan; Segurtasun Sailak  Kolonbiako Poliziarekin eta Interpolekin elkarlanean abiatu zuen ikerketa.

Kolonbiako Poliziak Pujuru ostatua miatu zuen, eta Lazaroren objektu pertsonalak aurkitu zituen bertako armairu batean, tartean, ordenagailua, argazki-kamera, arropa, dokumentazioa, txartelak eta dirua. Kolonbiako Poliziak, berriz, Borja bilatzeko lanak abiatu zituen inguruan: kartelak banatu zituen,  hainbat toki miatu zituzten, eta dirua ere eskaini zuten, zantzuren baten truke. Bi urtean ez da arrastorik lortu.

Ikertzaileek hiru hipotesi izan dituzte eskuartean denbora honetan:  itsasoan itota hil zela Lazaro, basamortuan galdu zela edota bahitu egin zutela. Aukera bakar bat ere ezin izan dute baieztatu.

Familiak eta lagunek kasuaren ikerketarekin jarrai dezatela eskatuko diote, berriro, gaur agintariei.

Senideek laguntza eskatu diote Atzerri Ministerioari

Gasteizen hedabideen aurrean egindako agerraldi batean, gaztearen amak eta anaiak, Ana Maria Herrerok eta Sergio Lazarok, auziaren jarraipena egitea eskatu diote Espainiako Gobernuko Atzerri Ministerioari, desagerpena inork ahaztu ez dezan.

Abenduan, Gasteizko Udalak gutun bat igorri zion Ministerioari, eta Atzerrian dauden espainiarrentzako zuzendariak bilera bat egiteko gonbita egin zion familiari. Oraindik ez dira batzartu, baina joan egingo direla aurreratu du Borja Lazaroren amak.

Iaz, Iñigo Mendez de Vigo Europar Batasunerako estatu idazkariak gaztearen ama eta anaia hartu zituen, eta Kolonbiako eta Venezuelako enbaxadarekin hartu-emanak izatea erraztuko ziela esan zien.

Nolanahi ere, Atzerri Ministerioarekin komunikazioa izatea faltan botatzen dutela adierazi dute. Izan ere, Kolonbiako Poliziak ikertzen jarraitzen duela esaten duen arren, Enbaxadak eta Kontsulatuak hori hala den egiaztatu behar dutela iritzi diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak