Gizartea -
Ezbeharra
Eskiatzaile bilbotar bat hil da Frantzian, elur-jausi bategatik
Hildakoak 36 urte zituen, eta pistetatik kanpo ari zen eskiatzen beste hiru lagunekin batera.
Agnetziak | Erredakzioa
Bilbokoa zen eskiatzaile bat hil zen atzo Val d'Isère-ko eski-estazioan (Frantziako Alpeak), elur-jausi baten azpian harrapatuta geratu ostean.
Courchevel-eko goi-mendi taldeko jendarme batek atzo azaldu zuenez, gertaera asteartea arratsaldean jazo zen, hildakoa, beste hiru lagunekin batera, pistetatik kanpo eskiatzen ari zela.
Duela gutxi elurra eroritako gune batean zebiltzan lau eskiatzaileak, eta haien pisuak elur-jausia eragin zuen. Elurbiziak haietako bat azpian harrapatu zuela zehaztu zuen jendarmeak.
Estazioko erreskate taldea ezbeharraren lekura bertaratu zen, eta biktima elur-azpitik atera zuen. Bihotza geldituta zeukan, eta hura bizkortzeko ahaleginak antzuak izan ziren.
Jendarmeriako bozeramaile batek esan zuenez, ikerketa bat ireki dute jazoeraren nondik norakoak argitzeko asmoz.
Haren esanetan, egun eguzkitsua izan atzo estazioan, eta horrek are ezegonkorrago bihurtu zuen elur-geruza, eta pistetatik kanpo eskiatzeak beti dakartzala arriskuak berekin.
Azpimarratu zuenez, aipatutakoa ez zen izan eguneko istripu bakarra; izan ere, 30 urteko txekiar bat ere hil egin zen pistetatik kanpo eskiatzen ari zela Sybelles-eko instalazioetatik gertu.