Gizartea -
Txostena
"Kezkatuta" agertu da Emakunde, berdintasuna sustatzeko politikekin
Soldatei begira, 2007an, bataz beste, emakumeek baino 7.000 euro gehiago irabazi zuten gizonezkoek. Lan kontraturik gabe ari direnen artean, %91 emakumeak dira.
Erredakzioa
Emakunde Emakumearen Institutuak "kezkaz" begiratzen die etxeko lanak egiteko emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatzeko asmoz Jaurlaritzak martxan jarritako politikei.
Emakundek emakumeen eta gizonen egoerari buruzko txostena aurkeztu du gaur Eusko Legebiltzarrean. 2008ko datuak dira, Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak azaldu duenez.
Ondorioetako bat, pobreziak "emakumeen aurpegia" duela. Soldatei begira, 2007an, bataz beste, emakumeek baino 7.000 euro gehiago irabazi zuten gizonezkoek. Lan kontraturik gabe ari direnen artean, %91 emakumeak dira.
Horrez gain, Emakundek esan duenez, "gutxi ari gara aurreratzen" etxeko lanak banatzerako orduan. Antza, lan horiek egiten dituzten emakumeen kopuruak gora egin du, baina ez gizonezkoenak.
Zentzu horretan, kontziliazio familiarra bultzatzeak dituen "arriskuez" ohartarazi du Emakundek. Izan ere, lanaldi murriztuak eta eszedentziak, gehienetan, emakumeek hartzen dituzte, eta horrek gizon eta emakumeen arteko errenta aldea nabari handitzen du.
Datu positiboen artean, tratu txarren salaketen gainekoak aipatu dituzte. Salaketek gora egin zuten 2008an, guztira 4.300 jarri zituzten (aurreko urtean baino 200 gehiago). Emakunderentzat hori ez da datu txarra, emakumeek jasaten dutenaren kontzientziazio handiagoa dutela erakusten baitu.
Bizi itxaropenari dagokionean berriz, aldea mantentzen da, gizonak baino 7 urte gehiago bizi dira emakumeak, bataz beste 84 urte.