Gizartea -
Nafarroa
Itzali egin dute ostegunean Arantzan piztutako sutea
Pertsona bat zauritu da egun hauetako itzaltze-lanetan. Haize-norabidearen aldaketak etengabeak izan dira, eta haize-boladak, berriz, gogorrak.
agentziak | erredakzioa
Arantzan (Nafarroa) Eguzkialdea eta Aientsako auzoen artean ostegun gauean piztutako sutea itzalita dago jada, bertako alkateak Radio Euskadin baieztatu duenez.
Haize-norabidearen aldaketak etengabeak izan dira egun hauetan, eta horrek oztopatzen ditu lanak; gainera, bolada gogorrak ere jaso dira, eta, hortaz, helikopteroak ezin izan dira aireratu.
Gainera, pertsona bat zauritu zen sua itzalzeko lanetan ari zela, Nafarroako Gobernuak jakitera eman zuenez. Boluntario moduan ari zen lanean, eta eroritako harri batek jo egin zuen. Bertan artatu zuten eta, ondoren, erietxera igorri. Kolpea du sorbaldan eta femurra apurtuta.
Goizaldean berpiztu zen
Ostiraletik larunbaterako gauean, haize-norabidean jasotako aldaketa bortitz batek berpiztu zuen sutea, kontrolpean izateko gertu-gertu zegoela; goizeko beste aldaketa batek, baina, fronterik arriskutsuena menperatzea ahalbideratu zuen.
Ikertzen ari dira sutea nahita piztutakoa izan ote den, eta, halaber, kalteturik dagoen eremua zenbatekoa den.
Cordovilla, Oronoz eta Altsasuko suhiltzaileak aritu dira lanean, eta Bera, Lesaka eta Goizuetako boluntarioak ere egon dira.