Gizartea -
Suteak
Bilboko Arraiz mendian piztutako sutea, kontrolpean
Ataunen atzo goizaldean berrindartu zen sutea gaur arratsaldean itzali dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Suhiltzaileek Bilboko Uretamendi auzoan goizaldean berpiztu den sua kontrolpean hartzea lortu dute. Dena den, suhiltzaileen esanetan, oraindik ere sua ez dago erabat itzalita. Hori dela eta, suhiltzaile talde bat tokian bertan dago garrak berriz piztea eragozteko.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berri eman duenez, atzo arratsaldeko zortziak aldera piztutako sua berpiztu egin da igande goizaldeko laurak aldera.
Suak basogune bati eragin dio, eta garrek ez dute ez etxebizitzarik ezta azpiegiturarik kaltetu.
Bestalde, VOST Euskadi erakundeak Arraiz mendira Errekalde-Uretamendi errepidetik barrena autoan ez igotzeko aholkatu du, suhiltzaileen lana ez oztopatzeko.
Atauneko sutea itzalita
Gaur goizaldean berriro indarra hartu duen Atauneko baso-sutea arratsaldean lortu dute itzaltzea. Ur-hegazkin bat erabili behar izan dute lan horietan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakitera eman duenez.
Dena dela, iturri berak zehaztu duenez, talde bat oraindik ere gertakariaren lekuan jardunean dihardu txingar-hautsen bat berpiztu dadin ekiditeko.
Segurtasun sailak ez du adierazi zenbat hektarea erre diren; hala ere, arratsalde hasieran, esan duenez, 20 ziren ordu horretara arte erretako hektareak.
Sua atzo piztu zen Atauneko Aia auzoko basobera gunea batean; gerora, berpiztu egin da gaur goizaldeko hamabi eta erdiak bueltan.
Lekaroz
Atzo piztu eta gaur itzali duten sute batek 50 hektarea erre ditu Lekaroz herriko (Nafarroa) Legate mendian. Hala jakinarazi du Foru Gobernuak.
Sutea 19:30ak inguruan piztu zen, eta suhiltzaileek itzalitzat jo dute gaur eguerdiko 13:00etan. Garrek basoberako eta sastrakako 50 hektarea erre dituzte.