Gizartea -
Genero indarkeria
EAE eta Nafarroa, tratu txarren salaketa tasa txikiena dutenen artean
2015eko hirugarren hiruhilekoan, 1.029 eta 299 salaketa aurkeztu ziren, hurrenez hurren, EAEn eta Nafarroan, Botere Judizialak emandako datuen arabera.
Agentziak | Erredakzioa
2015eko uztailetik irailera, 1.019 eta 297 emakumek indarkeria matxistaren biktima zirela salatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako epaitegietan. Datuak Botere Judizialaren Kontseilu Orokorraren Genero Indarkeriarako Behatokiak eman ditu.
Salaketa kopurua handia dela pentsa litekeen arren, bi erkidego hauek biktimen tasa txikiena duten erkidegoen artean daude. 10.000 herritarretatik % 9,07 eta % 9,21eko tasa dute, hurrenez hurren EAEk eta Nafarroak. Estatuan dezente handiagoa, %13,69koa, da tasa hori.
Indarkeria matxistagatik zigortutakoak, gora
Botere Judizialak gaur emandako datuen arabera, Estatuan indarkeria matxistagatik emandako epaiak igo egin dira, hirugarren hiruhilekoz jarraian. Tratu txarren inguruko 6.322 ebazpen argitaratu dituzte hiru hilabeteotan, emandako epai guztien % 64,1.
Angeles Carmona Behatokiaren zuzendariak nabarmendu duenez, 2015ean gora egin du indarkeria matxistagatik zigortutako gizonek kopuruak, eta horrek agerian utzi du, haren ustez, "arlo honetan inpunitaterik ez dagoela eta Zuzenbide Estatua indarrean dagoela".
Dena dela, Carmonak ohartarazi duenez, indarkeria matxistaren biktimen kopuruak gora egin du, apur bat bada ere.