Gizartea -
Kubaren inguruan
Zapata "gaizkile arrunt bat baino ez" dela dio Willy Toledok
Orlando Zapatarekin gertatutakoari buruz ezer ez esateagatik aktoreen taldeari egindako kritikei erantzun die aktoreak. Izan ere, Aminatu Haidar Saharako ekintzailearen aldeko laguntza adierazi zuten.
Erredakzioa
Kuban atxilotutako "ustezko disidente" gehienak "terroristak" dira, Willy Toledo aktorearen hitzetan. Gainera, Orlando Zapata ia hiru hileko gose-grebaren ostean hildako preso kubatarra "gaizkile arrunt bat baino ez dela" esan du aktoreak.
"Pertsona hauek ez dira ez disidente hutsak ez preso politikoak", esan du Toledok. Zapataren kasuan, "disidentetzat hartutako gizon hori, gaizkile arrunta baino ez dela" esan du, "gose-greban jartzeko eta heriotzaraino heltzeko manipulatua izan dena".
Dena den, Zapataren heriotza deitoratu du Willy Toledok. "Edozein gizakiaren heriotza deitoratzen dut, oraindik gehiago kartzelan eta gose-greban dagoen norbaiten heriotza; ikaragarria da".
Orlando Zapatarekin gertatutakoari buruz ezer ez esateagatik aktoreen taldeari egindako kritikei erantzun die Toledok. Izan ere, talde honek Aminatu Haidar Saharako ekintzailearen aldeko laguntza publikoki adierazi zuen.
"Kuban gertatzen den guztia manipulatzen dela" deitoratu du aktoreak. "Kilometro gutxira Kolonbiako Gobernuak giza eskubideak bortxatzen ditu eta urtero milaka lagun hiltzen dira paramilitarren eta Gobernuaren bortizkeriaren ondorioz; eta hala ere, gobernu horiek demokratikotzat jotzen dituzte".
"Zentzu askotan jarraibidetzat hartu behar da Kubako Estatua, bere zoritxarrekin eta handitasunekin; euren buruak Europako laguntzat jotzen dituzten beste herri asko baino eredu handiagoa da Kuba, besteak beste, Maroko baino eredu garrantzitsuagoa da", adierazi du Toledok.