Gizartea -
Etxerik gabeko pertsonak
Etxerik ez zuen 49 urteko gizonezko bat hil da Barakaldon
Luciok zubi baten azpian egiten zuen lo, Errekalde auzoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Berrogeita bederatzi urteko gizonezko bat hilotz topatu zuten azaroaren 26an Barakaldon, zubi baten azpian zuen kanpin-denda batean.
BesteBi Plataformak azaldu duenez, gizonak kalean lo egiten zuen, etxerik ez zuelako. Lucio zuen izena, eta, hain justu, etxerik gabeko pertsonen aldeko egunean zendu zen.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu egin du azaroaren 26an, eguerdian, gorpu bat aurkitu zutela Erretuertoko zubi baten azpian. Ertzaintza autopsiaren emaitzen zain dago.
Lucio ezagutzen zuten pertsonek kontatu dutenez, "lagunen laguna" zen, eta beti "laguntzeko prest" zegoen. "Ona zen, eta hori igartzen zen egunerokoan; elkartasun handia zuen besteekin", gaineratu dute.
Gauza gehiago adierazi dituzte: "bost axola zitzaion berea zena; pertsonak ziren garrantzitsuak beretzat. Eskuzabala zen eta dena partekatzen zuen. Inguruan zituenen bizimodua hobetzea nahi zuen".
Aipatutako plataformaren esanetan, baziren zenbait egun inork ikusten ez zuela, eta "senideak eta arreta zerbitzuetako langileak kezkatuta zeuden, ikusmena murriztuta baitzuen eta hainbatetan erori baitzen".