Gizartea -

Herri galdeketak

Bergarak eta Eskoriatzak bosgarren edukiontziaren alde egin dute

15.000 herritarrek izan dute botoa emateko eskubidea.

Hiri hondakinak biltzeko zein sistema nahiago duten adieraziko dute herritarrek. EiTB
Hiri hondakinak biltzeko zein sistema nahiago duten adieraziko dute herritarrek. EiTB
Martxorako bostgarren edukiontzia Bergara eta Eskoriatzan

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Galdeketa eguna izan dute igande honetan Bergaran eta Eskoriatzan, hondakinak nola bildu erabakitzeko. Gaur egun, bi herri horietan indarrean dauden sistemek iritzi kontrajarriak eragin dituzte, eta, ondorioz, EAJko udal gobernu berriek hondakinak biltzeko sistemen inguruan herritarrei galdetzea erabaki dute.

Bergaran, hondakinak biltzeko bi sistema izango dituzte aukeran: atez atekoa edota bosgarren edukiontzia. Bestalde, Eskoriatzan hirugarren aukera bat ere izango dute: sistema mixtoa.

Bozketen emaitzak

Udalerri batean zein bestean hautestontzietatik atera den emaitza bosgarren edukiontziarena izan da. Eskoriatzan aukera horrek lortu dituen boto kopurua 1.300 izan da (% 66), atez atekoak 566 (% 29); aukera mistoak, berriz, 59 boz eskuratu ditu. Baliorik gabeko botoak 26 izan dira.

Bergaran bosgarren edukiontziak 4.132 eskuratu ditu (% 62); aldiz, atez atekoak, 2.506 (% 37).

Egun duten egoera

Gaur egun, hondakin organikoak eta errefusa atez ate biltzen dituzte Bergaran. Bertako alkatearen esanetan, atzera bosgarren edukiontzia jarrita, urtean % 27 aurreztuko dute eta hondakinak biltzeko sistema aldatzeak ekarriko lukeen kostua zazpi hilabete eta erdian amortizatuko litzateke. Are gehiago, bosgarren edukiontziarekin gaur egungo bilketa-tasa mantentzea posible dela uste du. Alabaina, Bergarako EH Bildu eta Irabazi udal taldeek atez atekoaren aldeko botoa eskatu dute. Ildo horretan, erraustegia ordaintzen diru gehiago gastatuko dela ohartarazi dute.

Eskoriatzan atez ateko bilketa sistema dute herrigunean eta auzoetan, berriz, birziklatze guneak. Gaurko galdeketan egungo atez atekoaren, bosgarren edukiontziaren edota sistema mixtoaren artean aukeratu beharko dute.

Gaurko deitutako galdeketen aurrean, % 70etik gorako birziklatze-tasa bermatzeko eskatu du Debagoieneko Zero Zabor taldeak.

Goizeko bederatzietan ireki dituzte hauteslekuak eta iluntzeko zortziak bitartean zabalik egon dira. Guztira, 15.000 herritar inguruk dute botoa emateko eskubidea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa Bergara Eguneko albisteak Eskoriatza azken ordukoa Debagoieneko azken ordukoa Berrerabilpena eta birziklatzea