Gizartea -
Kontsumoa
'Black Friday' egunari atarramentua ateratzeko aholkuak
Produktuak aurretik zuen salneurria ezagutzea, eskaintzak alderatzea eta bulkaden arabera erosketarik ez egitea gomendatu dute.
Eider Garaikoetxea | eitb.eus
Erosi (nahi baduzu), baina zoratu gabe, eta bistan denez, eskaintza aprobetxatuta. Honezkero, gutxi-asko, denok jaso dugu Black Friday edo ostiral beltzerako (aurten, azaroaren 27a) promozioren bat. Orain urte batzuk ia ezezaguna zitzaigun hitzordua (AEBtik dator, Esker Oneko Egunaren biharamunean ospatzen duten merkealdi eguna), arrunt egin zaigu orain. Baina, ba al da benetan merezi duen eskaintzarik mezu piloaren artean?
Berez, alde bientzat ona beharko luke ostiral horrek: dendek gehiago saltzen dute eta kontsumitzaileek deskontuak aprobetxatzen dituzte. Baina erosleak, maukak erosten hasi baino lehen, galdera pare bat egin beharko lizkio bere buruari: Ona al da eskaintzen didaten prezioa? eta Benetan behar al du erostekotan nagoena ?
Horixe gomendatzen du Euskadiko Kontsumitzaileen Elkarteak. Aholkuak merkealdi garaian egindako berdinak dira: produktuak aurrez zuen salneurria ezagutzea, erostearren ez erostea eta deskontuak produktu-hondarrekin eta outlet-arekin ez nahastea.
Media Mark, polemika iturri
Hain justu, lehengoaren harira ika-mika sortu da informatika eta etxetresnetan espezializatutako saltoki handien harira.
Twitterreko hainbat erabiltzailek salatu dutenez, Media Marktek prezioak igo ditu berriki, ostiral beltzera begira "berriz jaitsi ahal izateko".
Horixe bera leporatu dio, esaterako, Mike H. Sarmientok, eta konpainiak erabilitako leloa (Ez naiz inozoa) hartu du ahotan:
Errezelo bera du beste erabiltzaile honek ere:
Media Marktek erantzun duenez (egunak daramatza Twitter bidez zuzendu zaizkion kritikei banan-banan ihardesten), igoera hauek "ez dute Black Friday egunarekin zerikusirik", salneurriak "gorabeherak" izaten dituztelako, batez ere informatikan. Horien arabera, "egunero" aldatzen dituzte prezioak.
Kontsumitzaile elkarteek gogorarazi dutenez, merkatutako prezioarekin batera salneurri originalak ere begi bistan egon behar du, edo bestela, deskontuaren portzentajea. Kasu honetan, baina, prezioetan egunero gorabeherak badaude, zaila izaten da hori baloratzea.
Alderatzea, gako
Kontsumitzaileen eskubideak defendatzen dituztenek argi dute: bulkaden arabera erostea ez da ona, askotan behar ez duguna edo hain prezio ona ez duena erosten baitugu.
Saltoki handi batzuek zabaldu zuten leloa ("Bilatu, alderatu... eta erosi") Black Friday-era begirako aholkurik onena dirudi.
Hain justu, Estatuko Kontsumitzaileen Elkarteak produktuen prezioak alderatzeko sarean duen tresna erabiltzeko gomendioa eman du.
Kontuz hondarrekin eta akatsen bat duten produktuekin
Bada beste kontu bat aintzat hartu beharrekoa. Ostiral beltzeko eskaintzak ez lirateke aurreko denboraldiko edo akastun produktuen sortari ezarri behar. Merkealdia gauza bat da, eta outlet-a beste bat.
Denda batzuek erosketa-txartelak oparitzen dituzte etorkizunean beste produktu batean xahutzeko. Produktuari zuzenean egindako beherapena eta beste erosketa batean gastatzeko balea oso bestelakoak dira, bigarrenean beste erosketa baterako amua sartzen baitu, askotan, dendariak. Kontsumitzaileari dagokio, beraz, merezi duen edo ez erabakitzea.
Azken gomendio bat: ticketa edo faktura nahitaezkoa da produktua aldatu edo erreklamazioa egiteko. Gorde, badaezpada.