Gizartea -
Eguraldia
Gipuzkoako ekialdea, alerta laranjan, euriteengatik
Urumea ibaiak gainezka egin dezakeela eta, Donostiako Udalak protokolo guztiak martxan jarri ditu. Alabaina, oraingoz ubidetik ateratzeko arriskutik kanpo dago.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eurite handiak izan daitezkeelakoan, alerta laranja ezarri du Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak Gipuzkoa ekialdean. Abisu horia ezarria zeukan Jaurlaritzak, baina metro koadroko 80 litro pilatuko direla eta, alerta maila igotzea erabaki du.
Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez, alerta 00:00ak arte izango da indarrean. Aurreikuspenen arabera, Urumea eta Oria ibaien goi-arroan 40-60 litro pilatu daitezke metro koadroko.
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, oraingoz bere ubidetik irten gabe dago Urumea, eta maila arriskutik kanpo dago.
Krisi Mahaia
Donostiako Udalak lasaitasun mezua helarazi die Txomin-Eneako eta Martuteneko bizilagunei eta Urumea ibaiak gainezka egingo balu, egoera kontrolpean izateko prebentzio neurriak hartu dituztela jakinarazi die.
Donostiako Krisi Mahaia 14:00etan bildu da, euri-jasak Urumea ibaian izan duen eragina aztertzeko. Protokolo guztiak aktibatu dituzte eta herritarrei adi egoteko ohartarazi die sakelako telefonoetara bidalitako mezuen bidez.
Horrez gain, Urumea ibaiaren inguruan egiten ari diren eraberritze lanen arduradunek ere beren protokoloa indarrean jarri dute eta, ondorioz, lanak gelditu dituzte eta makinak eta bestelako lan erremintak eta objektuak ibaiertzetik erretiratu dituzte.
Bestalde, Udaltzaingoaren patruilak inguruan daude, eta mantentze lanetarako zerbitzuak ere edozein unetan ateratzeko prest daude.
Euria, haizea eta olatuak
Horrez gain, Gipuzkoan eta Bizkaia barnealdean abisu horiari eutsi dio Segurtasun Sailak. Hainbat puntutan, 24 orduko epean, 60 litro ur pilatuko dira metro karratuko.
Haizeteengatik ere aktibatu dute abisu horia, gauerdira arte, EAEko hiru lurraldetan. Babes gabeko lekuetan, batez ere kostaldean, haizeak 100 km/h-koak izango dira, eta, leku babestuetan (batez ere kostaldean, Arabako Lautadan eta Arabar Errioxan), 80 km/h-koak.
Itsasoan, ontziek 09:00etatik 24:00etara izango dute abisu horia, olatuak 4-5 metrokoak izango baitira arratsalde-gau partean. Itsasaldeko arriskuagatik ere ezarri dute abisu horia, olatuak 4-4,5 metro artekoak izan daitezkeelako. Itsasgora 15:59an izango da, eta 4,62 metro harrapatuko ditu.
Ostegunean ere, abisu horia
Euriagatik ez, baina haizeagatik eta olatuengatik ezarritako abisu horiak segida izango du ostegunean ere. Hala, 00:00etatik 06:00etara, abisua indarrean izango da haize-bolada gogorrak espero baitira. Haizeguneetan, bereziki kostaldean, 100 km/h-ko abiadura gainditu dezakete. Gainerakoan, leku babestuagoetan, 80 km/h-koak izan daitezke boladak.
Itsasoan ere ez da giro izango. Ontzientzat abisu horia izango da indarrean, 12:00ak arte. Olatuen altuera 4,5 metrorainokoa izan daiteke, eguerdian, 3,5 m-koa. Bestalde, bost metroko olatuek kostaldean eragin dezaketen kaltea aurreikusita, abisu horia ezarriko dute (03:00etatik 06:00etara).