Gizartea -
Araba
Sei kutxazain automatikoren kontrako erasoak, Gasteizen
Ernaik bere gain hartu ditu erasoak, gazteei independizatzea eta "bizitza proiektu propioa" eraikitzea galarazten dieten enpresen kontrako kanpaina baten baitan.
agentziak | erredakzioa
Sei kutxazain automatikoren kontrako erasoak egin dituzte Gasteizen, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Aipatu iturrien arabera, poliuretanoa isuri dute guztietan, eta silikonaz itxi dituzte horietako bi.
Ernaik bere gain hartu ditu erasoak, gazteei independizatzea eta "bizitza proiektu propioa" eraikitzea galarazten dieten enpresen kontrako kanpaina baten baitan.
Ertzaintzak ikerka jarri du abian goizaldeko ordu batetik bostetara izan diren gertakariak argitzeko. Bost banketxerenak ziren kutxazain automatikoak.
Poliuretano spraya isuri dute Santiago Etorbideko eta Extremadura kaleko bi kutxazain automatikotan, eta Jesusen Zerbitzarien eta Aldundiaren kaleetako beste bi itxi egin dituzte silikonarekin.
Gasteizko Ernaik ohar batean azaldu duenez, gazteen "miseriaren arduradunen lokalak ixtea" erabaki zuen atzo.
"Oztopoa zarete gazteen burujabetzarako, eta gure bizitzatik kanpo nahi zaituztegu", dio Ernairen kartelak, "egungo sistemaren oinarri ustelak irauli arte" lanean jarraituko duela ohartaraztearekin batera.