Gizartea -
Haize gogorraren eraginez
20 auto kaltetu dira Pasaian, pabiloi bateko teilape bat erorita
Gertaera Trintxerpeko aparkaleku batean jazo da eta kaltetutako Pasaiako Portuko eremua itxita gelditu da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Herria gogor astintzen ari den haizearen eraginez, Pasaiako Portuko pabiloi zahar bateko teilape bat erori da eta aparkatuta zeuden 20 automobil kaltetu dira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta suhiltzaileek berri eman dutenez.
Gertaera 09:20an jazo da Trintxerpeko Euskadi etorbideko aparkaleku batean.
Gertaeraren tokira bertaratu dira suhiltzaileak, Pasaiako udaltzaingoa eta Guardia Zibila, eta kaltetutako Pasaiako Portuko eremua itxita gelditu da.
Bestalde, arretaz gidatzeko aholkatu du Ertzaintzak; izan ere, euriaren eraginez ur-putzuak sortu dira eta hostoak eta adarrak ere pilatu dira errepideetan.