Gizartea -

Nafarroa

Martzillako enpresa baten lantegi nagusia suntsitu du sute batek

Nahiz eta behera ez etorri, suak kalte handiak eragin ditu Indusal konpainiaren lantegiko egitura metalikoan.

Garbitegi industrial bat kiskali da Martzillan

1:18

E. Lotina | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martzillako (Nafarroa) Indusal garbitegian kalte handiak eragin ditu sute batek. Hala, lantegi nagusia ia guztiz kiskali du suak, Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Lanean ari ziren beharginak onik atera dira eta ez da inor zauritu. Martzillako bizilagun batek abisua eman du 01:53ean. Lantegitik sugarrak eta kea ateratzen ari zirela azaldu du herritarrak deian. Konpainia Martzilla eta Funes lotzen dituen errepidean dago.

Azkoien, Lodosa, Tafalla eta Cordovillako suhiltzaileak bertaratu dira. Sutea handia zela egiaztatu dute bertan. Hala ere, sua batez ere lantegi nagusiari eragiten ari zitzaiola ikusi dute.

Arropa sutan, gas hodi batekin kontaktuan

Tenperatura oso altuetan lehortzen ari ziren arropak sutan atera dira lehorgailu batetik eta gas hodi bat ukitu dute, aurreneko ikerketen arabera. Ondorioz, ihesaldi bat gertatu da eta sua berehala lantegian zabaldu da. Arropa-orga ugari zeuden fabrikan.

Suhiltzaileek hiru ponpa-auto, zisterna bat, beso artikulatuko kamioi bat eta beste bi ibilgailu eraman dituzte. Lantegi nagusiko sutea itzaltzeko aukera eskasak ikusita, biltegia salbatzeko eginahalak egin dituzte suhiltzaileek. Horrela, enpresako beste eraikin batzuek su hartzea saihestu dute.

Kontrolpean

Nahiz eta behera ez etorri, suak kalte handiak eragin ditu konpainiaren lantegiko egitura metalikoan. Sutea 03:45ean kontrolatu dute, baina garbiketa eta hondakinak kentzeko lanak 07:15era arte luzatu dira. Azkoiengo suhiltzaile-taldea bertan geratu da sugeldoak zaintzeko.

Tafallako foruzainak ere bertaratu dira. Ezbeharraren nondik norakoak argitzeko ikertzen ari dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Suteak bideoak Albisteak