Gizartea -

Parisko atentatuak

Segurtasun Sailak lasaitasuna eskatu du, eraso islamofoboak saihesteko

Euskadiko Federazio Islamikoak gaitzetsi egin ditu atentatuak, eta horien egileak "Islamaren etsaiak" direla ohartarazi du.

Estefania Beltran de Heredia, musulmanen ordezkariekin. EFE
Estefania Beltran de Heredia, musulmanen ordezkariekin. EFE
Estefania Beltran de Heredia, musulmanen ordezkariekin. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak lasaitasunerako deia egin du, inork musulmanen aurkako ekintzarik egin ez dezan.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, sailburuak esan du Jaurlaritzak Krisi Mahaia bildu duela atentatuen ostean, gertatutakoa jarraitzeko eta Estatuko Segurtasun Kontseiluak har ditzakeen neurriak abiatzeko.

Lehen erabakia "segurtasun neurriak zorroztea" izan da. Uztailetik 4. alerta maila ezarrita zegoen. Horrek esan nahi du Segurtasun Indarrek (Ertzaintza tartean) kontrol eta zainketa lan bereziak egin behar dituztela.

Halaber, Segurtasun Saila EAEko komunitate musulmanaren ordezkariekin harremanetan jarri da, "horrelako gertakizunek ekintza islamofoboak areagotzeko arriskua ekartzen baitute".

Beltran de Herediak gogorarazi du Parisko hilketak terroristek egin dituztela, "eta ezin zaizkio komunitate musulman osoari leporatu". Hori dela eta, lasaitasuna eskatu du.

EAEko musulmanek atentatuak gaitzetsi dituzte

Testuinguru honetan, EAEko Federazio Islamikoak (FIVASCO) "gaitzespen irmoa" egin du Parisko atentatuen aurrean, eta gaineratu du horien egileak "Islamaren etsaiak" direla eta ez direla musulmanen ordezkariak.

Agiri baten bidez, FIVASCOk (Euskadiko komunitate musulmanaren gehiengoa ordezkatzen duen elkartea) baztertu egin ditu terrorismo eta indarkeria "mota guztiak", eta "dolumin zintzoenak" eman dizkie biktimen senideei.

"Atentatuen egileak ez dira inola ere Islamaren eta musulmanen ordezkariak; are gehiago, horien ekintzak eta jokabideak ikusita, etsaiak dira", nabarmendu du.

Halaber, terrorismoak "islamofobia" ekarri duela gogorarazi du. Horrenbestez, herritarrak terrorismotik eta musulmanak homofobiatik babesteko deia egin die Estatuko agintariei.

FIVASCOk nabarmendu du ez dela "nahikoa" terrorismoaren aurkako borrokari Poliziaren ikuspuntutik heltzea, eta hezkuntzan bake eta bizikidetza balioak sustatzea eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Zer gertatu da Parisen? Frantzia Atentatuak argazkiak Estatu islamiarra berriak Jihadismoa hoy Gaurko azken ordukoa