Gizartea -
Donostiako gaztetxea
Kortxoenea eraisteko lanak geldiarazi ditu Donostiako epaitegi batek
Badaezpadako neurria indarrean sar dadin, 3.000 euroko kauzio edo bermea eskatu diete gaztetxeko kideei.
EITB.EUS
Donostiako epaitegi batek Kortxoenea gaztetxea eraisteko lanak behin-behinean gelditzeko agindu du. Lehen Auzialdiko 2. zenbakiko Epaitegiak susmoa du eraikinaren jabe den enpresak gaztetxea husteko agindurik ez zuela, eta, hori dela eta, badaezpadako neurri hori hartzea erabaki du.
Groseko gaztetxea botatzeko lanak azaroaren 3an abiatu zituzten. Lanok hasi baino lehen, eraikin barruan zeuden lagunak atera zituzten enpresako langileek. Ondoren, eraistearen kontrako protestetan, istiluak izan ziren, eta Ertzaintzak bi lagun atxilotu zituen, agenteei eraso egitea egotzita.
Epaitegiak eraiste lanok bertan behera uztea erabaki du orain, eta badaezpadako neurri hori indarrean sartzeko, 3.000 euroko kauzio edo bermea eskatu dio Kortxoenea Gazte elkarteari, honek eskatu baitzuen lanok gelditzea. Epaileak argudiatu duenez, behin betiko epaia enpresaren aldekoa bada, lanok gelditzeak eragindako kalteak ordaintzeko erabiliko da diru hori. Gaztetxeko kideen aldekoa bada, berriz, itzuli egingo dute.
Gaztetxeko kideek Euskadi Irratiari azaldu diotenez, diru kopuru hori biltzen hasi dira dagoeneko, eta 20 eguneko epea dute horretarako, baina gaur bertan ordaintzeko modua izatea espero dute.
"Erabakia berandu dator, baina, gutxienez, honek esan nahi du prozesua eta gure salaketa aurrera doazela behintzat", nabarmendu dute Kortxoeneko kideek.
Bi saiakera, azaroaren 3koaren aurretik
Eraikinaren jabeak eskatuta, uztailaren 14an hura eraisteko baimena eman zuen Donostiako Udalak. Irailaren 4an, baina, lanak gelditu zituen Udalak, hainbat baldintza betetzen ez zirela ikusita. Irailaren 15ean ere, eraisteari ekiteko hesiak paratu zituzten langileek, baina ordu gutxi geroago kendu zituzten.
Udalaren esanetan, "aurreko legealdian onartutako hirigintza-plangintza" kontuan hartuta eskatu zuen jabeak eraistea. Antza, birpartzelatzeko proiektu hartan, gune horretan garajeak egin zitezkeela ezarri zen.
2010eko ekainaren 26an okupatu zuten Indianoene kaleko eraikina (kortxo fabrika izan zena), eta, bost urte hauetan, hainbat ekimen eta proiektu kultural bultzatu dituzte Gros auzoan.