Gizartea -

Santa Maria de Garoña zentrala

Garoñan egin beharreko hobekuntzei buruzko txosten bat onartu du CSNk

Bestalde, Araba Garoñarik gabe kolektiboak manifestazioa deitu du abenduaren 19rako.

El CSN aprueba las obras para la mejora del reactor de Garoña

1:10

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren osoko bilkurak onartu egin du (aldeko lau botorekin eta kontrako batekin) Segurtasun Nuklearreko Zuzendaritza Teknikoak egindako txosten bat, Santa Maria de Garoña (Burgos) zentral nuklearrari buruzkoa. Txosten horretan, erreaktorearen ontziak jasaten dituen presioaren eta tenperaturen muga-kurben gaineko Funtzionamenduaren Zehaztapen Teknikoak gainbegiratzen dira.

Osoko bilkuran ez da egon erabateko adostasunik; horrela, Cristina Narbona kontseilariak kontrako boza eman du, uste baitu ekimen hori Burgoseko erreaktorea berriro martxan jartzera zuzenduta dagoela. Horrez gain, gai atomikoen gainean arauak ematen dituen erakundeak oraindik ez ditu argitu, ezta teknikoki eta juridikoki eztabaidatu ere Nuclenorrek egindako eskaerak (bere lizentzia 2031ra arte berritzea) dakartzan inplikazioak. Aipatutako epe horrek (2031ra arte luzatzea eskatzen duenak) gainditu egiten ditu 10 urtero egiten diren Segurtasuneko Aldizkako Gainbegiraketak.

Bilkuraren arabera, gaur onartutako txostenak honako hauek barne hartzen ditu: Burgoseko zentral atomikoaren funtzionamendua berriztatzea eztabaidatu aurretik aurkeztu beharreko betekizunak. Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak dokumentazio eta baldintza gehigarrien gaineko Jarraibide Tekniko Osagarriaren bidez eskatu zizkion betekizun horiek Nuclenorri.

Gainera, berak baieztatu duenez, Espainiako segurtasun nuklearraren historian ere lehendabiziko aldia da titular batek erreaktore nuklear bat 60 urtez lanean jarduteko eskaria egiten duena, eta horrek hondakin erreaktiboen areagotzea dakar.

Araba ez da begira geratuko

Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatu Jose Antonio Galerak gaur ohartarazi duenez, "Aldundia ez da ezer egin gabe geratuko" Garoña berriro ireki egingo dutela baieztatzen duten albisteen aurrean.

Horrez gain, Garoñako hondakin nuklearren biltegi bat eraikitzeko ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena errekurrituko duela jakinarazi du. Hori gutxi ez, eta "Arabako erakundeei galdetu gabe" Burgoseko zentralean jarduera berriz martxan jartzeko balizko erabakiaren aurka ere egingo dutela adierazi du.

Manifestazioa A20ko hauteskundeetako gogoeta-egunean

Araba Garoñarik gabe kolektiboak manifestazio bat deitu du gaur abenduaren 19rako, Gasteizen (abenduaren 20an egin behar diren hauteskundeen aurretiko gogoeta-egunean). Kolektiboaren aburuz, "une hau larria da", Burgoseko zentrala berriz irekitzeko arriskua baitago.

Manifestazio hori plataformak aurten deitzen duen bigarrena da, otsailaren 28an egin zuenaren ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Gizartea Gaurko azken ordukoa Garoña